Argindar barik egon dira gaur Elgetan; bestela, Debagoienean, lasaiak izan dira elurtearen azken orduak

Ubane Madera 2013ko otsailaren 26a

Elurtuta esnatu gara, baina "gaurkoan elurrak gehiago eragin dio Arabari, eta Gipuzkoako errepide nagusiak zabalik daude". Horrez gainera, ez da istripurik gertatu", adierazi du Herrizaingo Sailak. Elgetakoa da gurean egoerarik okerrena; besteak beste, argi barik egon dira 09:10ak geroztik, eta "luzerako" izango dela aurreratu dute lehen ordutik. Arratsaldeko 17:00etarako, ostera, erdialde osoak ia zeukan argian eta soilik Arantzeta, Beizu eta Azurtza auzoetan jarraitzen dute arazoekin. Elur asko pilatu da hala ere eta Elgetan, esate baterako, arreta eskatu dute teilatuetatik jaus daitekeen elurrarekin.

[ARGAZKIAK] ElgetaArrasateAretxabaleta

Atzokoa baino aurpegi hobea erakusten du gure ibarrak gaur. Goizeko lehen orduetan elurrak ziharduen arren, autoen joan-etorria oztopo bakoa izan da, eta herri barruetan ere, traba gutxiagorekin ibil zitekeen. Hori bai, herriaren arabera, elur kopurua handiagoa edo txikiagoa izan da, "Oñatin, Arrasaten baino elur dezenteago egiten dihardu", kontatu du lekuko batek. Elur gehien Elgetan pilatu da eta arreta eskatzen da Udaletik teilatuetatik jaus daitekenarekin.

Hurrengo orduak

Eguraldi iragarpenaren arabera, 500 metrora igoko da elur-maila hurrengo orduetan eta prezipitazio aukera txikia dago. Asteak aurrera egin ahala, egonkortzera joko du eguraldiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak