Finkatu dira nagusien egoitzetako greba egunetarako zerbitzu minimoak

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 25a

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Sailak oinarrizko zerbitzua bermatzeko agindua eman du ELA eta LAB sindikatuek Gipuzkoako hirugarren adineko egoitzen sektorean deitutako hiru greba-egunetarako. Funtsean, egoitzetako langileen grebarako eskubidea erabiltzea nagusien "bizitza eta osasuna" bermatzeko behar diren zuzeneko arreta-zerbitzuek baldintzatuta egongo da.

Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren aginduak xedatu duen moduan, egoitzetako langileen grebarako eskubidea erabiltzea egoiliarren bizitza eta osasuna horien beharren arabera bermatzen dituzten zuzeneko arreta-zerbitzuek baldintzatuta egongo da. Horrela bada, "pertsona horiei jaikitzeko eta oheratzeko (baita jarrera-aldaketak eta egiteko ere), osasun-laguntza jasotzeko (sendagaiak, sendaketak...), norberaren garbiketa egiteko, elikatzeko eta sendagaiak  hartzeko beharrezko zerbitzuak emango zaizkiela" agindu du Aburto sailburuak sinatutako erabakiak. Era berean, gutxieneko zerbitzutzat ere hartuko dira oinarrizko zeharkako arreta-zerbitzuak.

ELAk eta LABek otsailaren 27 eta 28rako eta martxoaren 1erako egin duten greba-deialdiak Gipuzkoako adineko pertsonen egoitzen sektorean eragingo du. Lanuzteek 24na orduko iraupena izango dute; greba-egunak goizeko txandaren hasieratik izango dira zentro bakoitzean, eta gaueko txandaren amaieran bukatuko dira.

Egoitzak, eguneko zentroak eta tutelatutako etxebizitzak

Gipuzkoako hirugarren adineko egoitzen sektorearen barruan egoitzetan, komunitate-etxebizitzetan, eguneko zentroetan eta tutoretzako apartamentuetan autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasuna zaintzeko gizarte-zerbitzuak sartzen dira –guztiak autonomia sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 15.1 artikuluan jasota–, baita zenbaitetan etxez etxeko laguntzaren zerbitzua ere.

Tipologia horren arabera, Gipuzkoan 65 egoitza –horietatik hamarretan eguneko egonaldia onartzen da–, eguneko 55 zentro, 3 komunitate-etxebizitza eta tutoretzapeko 9 apartamentu daude. Egoitzek 5.057 lagun erabat artatzen dituzte; horietatik % 80k mendekotasun handia dute eta % 15ek bestelakoa. Eguneko zentroetan eta eguneko egonaldikoetan 1.449 lagun artatzen dituzte; horietatik % 48,62k mendekotasuna dute, eta % 48,30ek mendekotasuna eta narriadura kognitiboa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak