Unai Berrostegieta, gainera, Gipuzkoako Herrialdeko Kontseiluko kide ere izango da, Gipuzkoako Idazkari Orokorraren ondoko moduan. Organo horretako kide, beste bi debagoiendar ere izango dira. Batetik, Agurne Barruso Bergarako alkate ohia. Gipuzkoako arduradun instituzional moduan izango da Herrialdeko Kontseiluko kidea. Eta Ibai Redondo bergararra ere bertako kide izango da, Debagoieneko eta Debabarreneko ordezkari moduan.
Hasier Arraiz eta Arnaldo Otegi
Osterantzean, zapatuan Iruñean egin zen Sortu alderdi berriaren eratze kongresuan, Kontseilu Nazionaleko kide guztiak aukeratu zituzten sortzaileek. Hala, Hasier Arraiz gasteiztarra izango da alderdiko presidentea eta Arnaldo Otegi Idazkari Nagusi izateko aukeratu dute alderdikideek, baina, oraingoz, bere tokia hutsik geratuko da, kartzelatik irten arte.
Ezker Abertzaleko beste izen ezagun batzuk ere ageri dira Kontseilu Nazionalean. Hala nola: Juan Joxe Petrikorena, Komunikazioaren arduradun; Pernando barrena edo Xabi Larralde bozeramaile moduan; Maribi Ugarteburu Bizkaiko Koordinatzaile; edota Marije Fullaondo (Masa Borroka), Joseba Permach (Borroka Instituzionala) edo Rufi Etxeberria (Gatazkaren Konponbide arduraduna).
10 urteotako legez kanporatze prozesuari amaiera emanez, Iruñeko Kongresu eratzailea aldez aurretik zehaztutako bidetik joan da, azken hilabeteotan herririk herri egin den prozesu "parte hartzaile" eta "horizontalaren" ondorio. Burujabetzaren eta ezkerreko politiken alde egingo duen alderdi abertzalea da Sortu.