Antzuolak aukera polita galdu du bigarren sailkatuarekiko, Getariako Keta, zeukan aldea handitzeko. Izan ere, Amaikak Bat taldearen kontra etxean galdu dute antzuolarrek. Partidua hankaz gora jarri zitzaien etxekoei 0 eta 1 galtzen hasita.
Hala ere, atsedenaldia baino lehen, Ibai Zabalo aurrelariak lortu zuen berdinketaren gola. Bigarren zatia banako berdinketarekin mantendu zen eta partidua amaitzear zegoela, Debako taldeak garaipenaren gola erdietsi zuen. Amaiera aldera, Antzuolako Markel Lete eta Aitor Godoi jokalariek bata bestearekin kolpea hartu zuten, susto ederra hartuz.
Etxeko lehen porrota
Emaitza txukunak lortzen ari da Antzuola denboraldi honetan. Denboraldia hasi denetik, etxeko norgehiagoka guztietan batu dituzte puntuak, zortzi garaipen eta bi berdinketa lortuta. Guztira, hamairu garaipen erdietsi dituzte Garaien mutilek. Lau berdinketa eta porrotak, lau besterik ez dira izan. Horietatik bakarra izan da etxean, asteburu honetan, hain zuzen.
Lidergoa mantenduz
Denboraldia amaitzeko bederatzi partiduren faltan, antzuolarrek lider izaten jarraitzen dute, 43 punturekin. Bigarren sailkatua, Getariako Keta, lau puntura dute, 39 punturekin. Mutriku eta Ordizia daude hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren. Azken jardunaldian, mutrikuarrek 2 eta 5 hartu dute mendean Ordizia, eta 36 punturekin berdinduta daude orain, sailkapenean.
Datorren asteburuan kanpoan jokatuko du Antzuolak, Soraluzen. Eta, hemendik bi jardunalditara, bigarren sailkatua, Getaria, hartuko dute, etxean. Aukera paregabea izango da Garaien mutilentzat lidergoa sendotzeko, igoeraren bidean.