Giroa bero-bero Agorrosinen, eta garaipena Oiartzunentzat

Maialen Gonzalez 2013ko otsailaren 24a

Bergararrek etxean jokatutako azken hiru norgehiagokak galdu dituzte, Oiartzunen, UDAren eta Ostadarren aurka. Azken garaipena etxean, Berioren kontra lortu zuten, 2 eta 1.

Partidu gogorra eta intentsitate handikoa jokatu zuten, zapatuan, Bergarak eta Oiartzunek, Agorrosinen. Oiartzuarrak bigarren postuan dira eta garaipena erdietsita, liderrarengandik puntu bakarrera kokatuko lirateke. Galdu ezinezko aukera zen. Eta baita lortu ere. Bergararen aurkako garaipenarekin, Garikoitz Argoteren mutilek puntu bakarrera daukate Hernani liderra. Norgehiagoka hasi eta berehala heldu zen bisitarien gola. Partiduko gol bakarra izango zena. Hortik aurrera, bi taldeek aukerak barra-barra izan zituzten.

Biak ala biak, garaipenaren bila

Lehen zatian oiartzuarrek izan zituzten gol aukera garbienak. Bergararrak, amorerik eman gabe, baloia handik eta hemendik jokatzen saiatzen ziren. Atsedenaldiaren ostean, Neca Galanen mutilek aukera gehiago izan zituzten. Indartsu hasi ziren, golaren bila. Hala ere, bigarren zatiko lehen ordu laurdena bete aurretik, Valeriori txartel gorria erakutsi zion epaileak eta, Bergara, jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen. Hortik aurrera, giroa are gehiago berotzen hasi zen.

Txartelak barra-barra

Etxekoek gola nahi zuten baina Oiartzungo atzealdea sendo mantendu zen partidu osoan zehar. Aldi berean, oiartzuarrek aukerak izaten jarraitzen zuten, baina Soto atezainak ondo babestu zuen Bergarako atea.
Elurrak ez zuen apenas atsedenik eman baina harmailetan zaleak gero eta beroago eta haserreago zeuden epailearen erabakiekin. Bigarren zatiaren erdialdera etxekoek beste txartel gorri bat ikusi zuten, oraingoan Nafarrate atzelariak. Oiartzungo Txabarri ere kanporatua izan zen partiduaren amaiera aldera. Horiez gain, txartel hori ugari erakutsi zituen epaileak. Azkenean, Bergarak 0-Oiartzunek 1.

Lesakara begira

Sailkapeneko seigarren postuan daude bergararrak, 38 punturekin. Datorren jardunaldian, martxoko lehen asteburuan, Beti Gazteren aurka jokatuko dute Galanen mutilek. Joaneko partiduan, 4 eta 1 menderatu zuten bergararrek Lesakako taldea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak