Elurrarekin jolastu ostean, astelehena ere elur giroan

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko otsailaren 24a

Azken ordua • 09:45 : Gatzaga itxita. Kanpazar, Karabitta kateekin. Herrien arteko bideak zabalik. Deskargan arazo handiak eta Kurtzeta ondo. 

Elgetan elurra kentzeko lanean dabiltza, jo eta ke, Udaleko langileak, makina berriarekin. Kaleak garbitzen; izan ere, elur asko bota du.

Elgetan, elurra kentzen kalean:

Hemen Kurtzeta zela zegoen 09:30ean:

Iragarpenak bete egin dira eta, oraingoan, bete betean asmatu dutela esan behar: zapatuan, hotza bai, haize hotz fina, izan genuen ia egun guztian zehar eta elurra goizean goizetik. Arratsalderako bustitzera egingo zuela iragarri zuten eta orduantxe hasi zen mara-mara. Domeka goizaldean bota zuen asko eta egun guztian zehar ere bai. Astelehenean ere asko bota du herri garaietan eta arazoak daude mendateetan. Azpiko hauxe da Oñatin goizeko 07:40ean ateratako argazkia:

09:00ak aldera, Arrasatetik Kanpanzarrera bidean ez atzera eta ez aurrera geratu den herritar baten argazkia duzue hau. Kamino zaharretik, erreoidean elur asko baitago:

08:10 (astelehena) Itxita daude Kanpanzar, Arlaban, Gatzaga eta Deskarga; Kurtzetan kateak behar dira eta Udanan autoak bakarrik pasa daitezke, kateekin. Bergaratik Elgetarako errepidea zabalik dago, baina kontu handiz gidatzea aholkatzen dute.

Elgetan, 07:45: Elur asko egin du gauean eta orain ere geratu gabe ari da. Momentu honetan, Karabitxa eta Kanpazarrerako errepideetan kateak behar dira. Bergarako errepidea zabalik mantentzeko lanetan dihardute makinek. Herriko kale eta industrialdean lanean ari dira goizeko 05:00etatik. Espaloietatik edlurra kentzeko lanetan ari dira 07:00etatik.

Bestalde, MUtik adierazi dutenez, gaur, astelehena, eskolak emango dira, normal, Huhezin, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean: bai Eskoriatzan, eta baita Aretxabaletan ere.

Eta, domekan ere ildo beretik. Eguna argitzearekin batera, zuri-zuri zeuden kale zapaldu bakoak, lehen orduetako hanka eta errubera markekin. Goiko auzoak eta herri garaienak, batik bat. Udaletako langileak, halere, oraingoan ez ditu ezustean harrapatu elurteak eta egia da, gainera, duela aste bi baino gutxiago egin duela.

Hala, zapatu eta domekan, kaleetan, espaloietan, gatza botatzen aritu ziren Arrasaten, Bergaran, Oñatin… Elurra kentzeko makina ere bai, Oñatin-eta. Baita Elgetan ere, Bergararantz batik bat, gora eta behera etengabe. Errepideak garbi izan dituzte asteburuan Elgetan.

Oñatin, gainera, 60 bat herritar, boluntario, aritu ziren zapatuan gatza herrian barrena botatzen.

Elurra disfrutatzeko

Hartara, errepideetan ez du aparteko arazorik sortu elurrak. Bergara eta Osintxu artean, arbola-arrama batzuk errepidera erori ziren domeka goizean baina berehala kendu zituten kaminotik. Gainera, asteburua izaki, eta bereziki domekan egin duenez, arazoak saihesten lagundu du bidean ohikoa baino auto gutxiago ibili izanak. Ibili direnak, Arantzazura, Gorlara, Urkulura, Udalara… Baina, ohiko aisialdi gune horietan ere, halakoetan baino jende gutxiago ikusi dugu. Eguraldia ez zegoen elurretarako…

Futbola bertan behera

Halere, futbol partidu bat edo beste bertan behera geratu da eta gurean, Oñatiko Azkoagainen domekan jokatzekoa zen Aloña eta Beti Gazteren artekoa ezin izan zen jokatu, futbol zelaia zuri-zuri zegoelako bost bat zentimetroko elur kaparekin, partidua jokatzeko orduan, domeka arratsaldean.

Bergarako Agorrosin ere zuri-zuri zen domeka goizean, Ipintza bezala. Zapatuan jokatu zuten Agorrosinen Bergarak eta Oiartzunek normal.

Urbian, 40 bat zentimetroko elur geruza zegoen domeka goizean; Arantzazun, gutxiago, 25 bat-edo; beste horrenbeste Gorlan; Elgetan, 10 bat…

Astelehenean ere elur giroa

Astelehenean, eguraldiak ildo beretik joko du, baina epeltxoagotik, gutxi bata ere. Elur maila apurtxo bat igoko da, baina elur arriskua izango da Debagoienean, herri guztietan. Euskalmeten arabera, 100-200 m-ra goizean eta 300-400 m-ra arratsaldean. Egunak aurrera egin ahala, termometroak 4-5 ºC-ra igoko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak