Bazterrak zuritu eta errepideetan arazoak sortu ditu elurrak

Ubane Madera 2013ko otsailaren 23a

Eguraldiak okerrera egin du eta errepideetan ere zailtzen hasi da trafikoa, mendateetan, bereziki. Esate baterako, gure eskualdean, Kurtzeta itxita dago kamioiendako eta artikulatuendako, eta kateak behar dira autoendako. Ginerakoetan, oraingoz, normal ibil daiteke, baina arreta handiarekin.

Izan ere, iragarrita zegoen moduan, arratsalde partean iluntzear dela, gogotik hasi da berriro ere elurra, goizean baino bustiago, gogotsuago. Eta bazterrak zuritzen hasi dira apurka-apurka. Iragarpenek diote ekaitzak horretan jarraituko duela gaur eta bihar. Herrizaingo sailak abisu laranja aktibatu du gaur 18:00etatik bihar 24:00ak arte, elurragatik. Elurra egingo du itsas kotaraino.

Goizean zehar Bergaran, Udal langileak espaloietan gatza botatzen ibili dira, elurra urtzeko.

Oñatin, bestalde, Udalak egindako deiari 60 boluntariok erantzun diote eta gatza botatzen jardun dute kalerik kale, espaloietan-eta.

Gatza botatzen goizean Oñatin eta Bergaran.

   

8etatik 10ak arte jardun du, elur gizia bazen ere, eta apur bat zuritu du, Arrasten esaterako.

Neurri prebentiboak hartuta

Hala ere, oraingo honetan, alertak aktibatuta daude atzo geroztik (horia atzo (egubakoitza), laranja gaur eta bihar); eta horrek dakartzan protokolo guztiak indarrean dira. Horrez gainera, Debagoieneko herrietan neurri bereziak hartu dituzte denboraleari aurre egiteko. Arrasaten, esaterako, arriskutsuak izan daitezkeen guneak zintarekin itxi egin dituzte. 

Eta esandako moduan, momentuz, elurrak ez du inguruko errepideetako zirkulaziorik eragozten, eta ibilgailuak normal dabiltza joan-etorrian.

Goiz-arratsalde partean, errepideetan arazorik ez.

Hori bai, behin eta berriz esan duten moduan, gaur eta bihar, autoa behar-beharrezkoa denean bakarrik hartzea aholkatzen dute, eta errepidean kontuz ibiltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak