Denboralea datorkigu asteburuan; hotza eta elurra izango ditugu protagonista

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko otsailaren 22a

Gaurko, egubakoitza, alerta horia dago iragarrita elurragatik eta zapatutik astelehenera bitartean alerta laranja izango dugu. Elurra itsaso mailan botako du eta aurreikuspen horien jakitun, Debagoieneko Udalek elurte planak aktibatuko dituzte.

Eusko Jaurlaritzak jakinarazitako iragarpenen arabera, datozen egunotan tenperatura baxuak eta elurra izango ditugu protagonista. Gaurko elurrarengatik alerta horia dago iragarrita eta laranja zapatua, domeka eta astelehenerako.

Egubakoitza

Gaur goizean elurra 1.000 metrotara botako zuela zegoen iragarrita eta gauerdian 400 metrotara jaistea aurreikusten da. Tenperatura, ordea, gradu bat zero azpikoa izango da eta beraz, euria eginez gero, izotz bihurtuko da.

Zapatua

Zapatu goizean ere izotza aurreikusten da, bi gradu azpiko tenperatura izango dugu-eta. Arratsaldean alerta laranja aktibatuko da; izan ere, arratsaldeko 18:00etatik gauerdira arte 5-10 litroko prezipitazioa dago iragarrita eta elurra izango dela aurreikusten da. 

Domeka

Domekan ere hotz egingo du; bi gradu zero azpitik eta elurra itsaso mailan botako du. Aurreikuspenen arabera, elur mailak eta tenperatura baxuek bere horretan jarraituko dute astelehen arratsaldera arte; orduan hasiko da apur bat egoera lasaitzen.

Udalek elurte planak aktibatuko dituzte

Aurreikuspen horien jakitun, Debagoieneko Udalek elurte planak aktibatuko dituzte.

Arrasateko Udalak, esaterako, prest du guztia etor litekeenari aurre egiteko eta elurte plana aktibatu du gaur, egubakoitza. Dagoeneko hasi dira hainbat auzotako eskailerak zintarekin ixten; Erguin, Makatzeta eta Santa Marinan, besteak beste. Eta aurreikusten dute bihar goizeko 6:00etan elurra kentzeko makinak lanean hastea eta espaloiak ere garbitzen hastea.

Bando bat ere ezarriko du Arrasateko Udalak herriko atari guztietan elurtea etortzen denerako aholku batzuk emateko eta eskatu gura die arrasatear guztiei bertan esaten direnak betetzeko.

Programa espezifiko bat ere ezarri du Udalak hainbat bide libre lagatzeko: urgentzia eta osasun zentroetarako bideak, industrialdeetarakoak, ikastetxeetarakoak, zentro ofizialetarakoak eta beste zerbitzu batzuetara iristeko bideak.

Arrasatearrek, gainera, gatz kopuru txikiak hartu ahal izango dituzte Ur eta Obra Zerbitzuen udal biltegian, Biderkutzeta kalean, eta ondoan dagoen ASAM enpresaren eraikin ohian, goizeko 08:00ak eta eguerdiko 14:00ak bitartean.

Oñatiko Udalaren kasuan, asmoa da Udaleko larrialdi planeko taldetik programa koordinatu bat abian jartzea, balizko elurte bati ahalik eta berme handienarekin eta egokien auzolanean erantzuteko. Horretarako, herria lau gunetan banatu dute, eta gune bakoitzerako Udal pertsonal eta makineria izendatu. Euren egitekoa izango da gune horietako zutabe edo arteria garrantzitsuenak garbi eta seguru mantentzea, eta boluntarioen laguntza ere beharko dute.

Lan horietan lagundu nahi dutenendako deialdia egin dute Udaletik eta bilera deitu dute gaurko, egubakoitza, 18:00etan udaletxean. Laguntzea nahi duen edozein herritar joan ahal izango da bertara eta astebururako lanok koordinatuko dituzte.

Bergaran ere gertu daude denboraleari aurre egiteko. Brigadako langileak kaleak garbitzen ibiliko dira eta pare bat makina ere izango dituzte auzoak eta herria garbitzeko.

Bailarako puntu gorenetan ere, Leintz Gatzagan eta Elgetan, elurra kentzeko makinak prest dituzte kaleak eta baserri inguruak garbitzeko.

Eta Eskoriatzako Udaletik, ere hainbat aholku eman dituzte. Auzolagunei, tabernariei eta lokal jabeei eskatu diete ahal den neurrian norberak norbere atarte aurrea garbitzeko, erorketak ekiditeko.

Astebururako denboralea datorkigu, beraz, eta horrelakoetan aholkatzen da baita ere autoa behar-beharrezkoa denean bakarrik hartzea eta errepidean kontuz ibiltzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak