Hiru urrezko domina Debagoienera

Arritxu Barruso 2013ko otsailaren 22a

Lanbide Heziketak betidanik indar handia izan du Debagoienean, eta, beste behin ere, horixe ikusi da, kasu honetan Madrilen. Otsailaren 10etik 17ra bitartean SpainSkills 2013 lehiaketa jokatu zen Madrilen, Lanbide Heziketako Olinpiadak bezala ezagutzen dena. Bada, Debagoienera hiru urrezko domina etorri ziren Madrildik. 

Igeltsuarekin trebeena 

Kevin Sande arrasatearra Gasteizko Eraikuntza Tekniken Institutuan ari da igeltsero izateko ikasten. "Ez nuen espero Madrilen urrezko domina lortzerik. Lehiakideek sekulako maila zuten. Baina, antza, nik maila hobea erakutsi nuen", azaldu digu. 

Urrezko domina lanean jarraitzeko motibazio handia izan da: "Sekulako poza eman dit eta etxean oso pozik daude. Eskolak bukatuta, orain praktikak egiten hasiko naiz eta irabazi dudan dominak motibazio handia ematen dit gogor lan egiten segitzeko". 

Miguel Altunara beste bi urre 

Miguel Altuna institutuko Erregulazio eta Kontrol Sistemen goi mailako heziketa zikloko ikasle Roberto Martin eta Javier Ozaeta ere urrezko dominarekin bueltatu dira etxera; Mekatronika modalitatean txapeldunak izan dira. Lehiaketa horretan sei probari aurre egin behar izan diete: hiru maketa muntatu, elkarrekin programatu eta mantentze-lanak egiteaz gain, maketaren funtzionamendua optimizatzea lortu zuten, horretarako zituzten zazpi orduetan. Orain, 2013ko uztailean, Alemaniako Leipzigen jokatuko den WorldSkills lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute.

Euskal Herria punta-puntan 

Euskal Herriko formazio maila handiaren erakusgarri datuok: zazpi urrezko domina, sei brontzezko eta bi bikaintasun aipamen. Kataluniaren ondoren domina gehien lortu dituen erkidegoa izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak