Euskara ikasteko ia 400.000 euroko dirulaguntza emango du Zuzendaritzak

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 21a

Euskara ikasteko 394.543 euroko dirulaguntza emango du Foru Aldundiko Euskarako Zuzendaritzak 2013an, eta hala eskatzen duten udalen bidez bideratuko dira laguntzak. Langabeek gutxiago ordainduko dute euskaltegietan matrikulatzeagatik. Zigor Etxeburuak, Euskarako zuzendariak, dei egin dio Eusko Jaurlaritzari euskara ikastea doakoa izan dadin "ahalegina egiteko".

Dirulaguntza udalek kudeatuko dute, eta euskaltegietako matrikulen kostua murriztuko zaie batez ere lanik ez dutenei. Zigor Etxeburua Euskarako zuzendariak dei egin dio Jaurlaritzari ahalegina egiteko euskalduntzea doakoa izan dadin.

Euskarako Zuzendaritzak aurtengo laguntza kopururik handiena euskara ikastera bideratu du. "Egoera ekonomiko zaila" dela kontuan hartuta, langabetuei euskara alorrean trebatzeko aukera hobeak eskaini nahi dizkie Aldundiak.

Hortaz, euskalduntze ikastaroen matrikulazio kostua eta barnetegi moduluetako kostuak txikiagoak izango dira euskara ikasten dabiltzanei. Lanik ez dutenek lehentasuna izango dute; "modu honetan lan bila ari diren herritarrei lagundu nahi die Aldundiak, formazioa osatu eta euskara gaitasuna hobe dezaten", esan du Euskara Zuzendaritzak.

Euskaltegien proposamena

Gipuzkoako euskaltegietako ordezkariek proposamen sorta plazaratu dute gaurko prentsaurrekoan. Gipuzkoako Euskaltegi homologatuen izenean Borja Arbelaitzek hitz egin du, eta udal euskaltegien izenean Gurutze Arrietak; eta “herrialdeko eta Euskal Herri osoko erakunde desberdinei euskararen egoeraren normalizazioan urrats sendo, bateratu eta adostuak eman ditzaten” dei egin dute. Hizkuntza-politika baterako honako proposamenak egin dituzte: doakotasuneranzko urratsak egiten joatea, lehentasunezko kolektiboak identifikatuta; Helduen Euskalduntzea eta Alfabetatzea modu orokorrean sustatzea; matrikula-kanpaina bateratuak egitea; Udalen arteko lankidetza matrikulazioan, bereziki, EBPN gisako normalizazio planek estrategikotzat jotako kolektiboei zuzendutako ikastaroetan, "azken batean, euskara ikasi nahi duen edozein herritar ez dadila geratu ikasi gabe, talderik osatu ez delako"; eta dirulaguntzak emateko prozeduren irizpideak bateratzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak