Minbiziaren tratamendua, hiritik kanpo garestiagoa

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 21a

Minbiziak goitik behera aldatzen du bizimodua; besteak beste, inpaktu handia du poltsikoan, eta inpaktu hori are handiagoa da hiriburuetatik kanpo bizi diren familiendako, batez ere Espainiako Gobernuak osasun zerbitzu publikoen gaineko dekretua egin zuenetik.

Hala, herri baten bizi den norbaiti minbizia diagnostikatzen badiote, batez beste, %15 handituko da familiaren osasun-gastua; eta gastu orokorraren zati handiena, %76, garraio-gastua izango da. Bada, minbizi-pazienteen anbulantzia zerbitzua ordainpekoa bihurtzen bada eta medikuak hala agintzen ez badu, garraio-gastua hiru aldiz handitu daiteke.

Espainiako Gobernuak apirilaren 20an egin zuen 16/2012 errege lege-dekretua, botiken, ortoprotesien eta larrialdietatik kanpoko osasun-garraioaren erregimena aldatzen dituena. Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak (AECC) horrek izan dezakeen eragina aztertu du, eta Espainiako Minbiziaren Aurkako Estrategian lege berriaren eragin ekonomikoaren azterketa sartzea eskatu du. Horrez gain, errege lege-dekretua garatzerakoan, minbizia goiz antzemateko programak eta gaixoen garraioa kopagotik kanpo uzteko eskatu du.

Euskal Herriko lurralde bakoitzean badago AECCren ordezkaritza; batzuetan, bat baino gehiago ere, Gipuzkoan kasu. Debagoiendar asko Arabako elkartearengana joaten dira, Gasteizera; beste batzuk, Donostiara. Arabako AECCko gizarte-langileak, Marivi Garciak, oraingoz ez du ikusi murrizketek eragin nabarmenik izan dutenik berak ikusten dituen pazienteengan. Entzun, bai, entzun du zerbait: "Legutioko gaixo batek esan zidan Gasteizera, erradioterapiara, anbulantzian etortzen zela egunero, eta esan ei ziotela ez zekitela zerbitzu horrek jarraituko ote zuen. Izugarria litzateke hori kentzea, izan ere, herrietako jendeak zailagoa izango luke tratamendua jasotzera etortzea; edo ortopedia materiala behar dutenendako betidanik egon diren dirulaguntzak kentzea. Nik, oraingoz, ez dut halakorik ikusi eta espero dut ez dela halakorik izango".

AECC Gipuzkoako Olaia Duarte gizarte-laguntzaileak esaten duenez, orain "laguntza tekniko eskaerak motelago doaz Foru Aldundian. Lehen 15 egunean lortzen zenak orain hiru hilabete behar ditu; eta kasu terminaletan, ez dago hainbeste denbora". Bestalde, krisiak ez ditu denak berdin kaltetzen: "Kanpotarrak kalteberago daude, eta laguntza eskaera asko jasotzen ditugu eurengandik. Pentsa: bikote gazte bat, gizonezkoa lanera joan behar da eta emakumeak minbizi-tratamendurako etorri behar du ospitalera. Ez dauka familiarik ez lagunik, hizkuntzarekin ez da ondo moldatzen eta Osakidetza ere ez du ondo ezagutzen. Anbulantziarekin ospitalera joateko modua dauka, baina hori kentzen badiote…"

Denei ematen diete zerbitzua 

Betidanik joan izan da jendea AECC elkartearengana, eta orain, are gehiago, beraz. Debagoienean ez dago bulegorik, baina orain dela hilabete ireki zuten bat Zumarragan, eta dagoeneko leku askotako jendea joan zaie; bertan egiten du lan Olaia Duartek. Gasteizera ere debagoiendar asko joaten dira.

Leku batean zein bestean, AECCek zerbitzu berberak ematen ditu. Arabako ordezkaritzan, Gasteizen egiten du lan Marivi Garciak, bi psikologo kliniko, prebentzio arloko psikologo bat, boluntarioen koordinatzaile bat eta administrari eta harreragile batekin. Inguruan, 140 boluntario dituzte. Arabako elkarteak 600 bazkide ditu, baina AECC elkarteak joaten diren guztiei ematen die zerbitzua. Lehenengo aldiz joaten den jende gehiena ez da bazkidea, eta horietako gehienak diagnostikatu berri dituztenak edo haien familiakoak izaten dira; iaz, 170 bat kasu berri izan zituzten. 

AECCek bere ordezkaritzetan ematen duen zerbitzua lau motakoa da, Marivi Garciak laburtzen digun moduan: "Lehenengo harremanaren ondoren, neuk harrera bat egiten diet eta mahai gainean ipintzen ditugu dakartzaten beharrak eta arazoak, horien gainean aholkuak eta orientazioa emateko. Arlo psikosozialean ere, babes psikologikoa behar dutenean, gure psikologo klinikoengana bideratzen dut. Sail horrekin oso lotuta dago boluntarioen koordinazio arloa, eta bi motatako boluntarioak ditugu: batzuk administrazio lanekin eta kanpainekin laguntzen digute, eta beste batzuk ospitalera joaten dira, minbizi pazienteak tratamendua jasotzen duten lekura, ura, zukuak, egunkariak… eskaintzen pazienteari eta senideei. Horrela, eurengana gerturatzen dira eta gure elkartearen berri ematen diete. Pazienteen etxera ere joaten dira, batzuetan. Eta azkenik, prebentzio lana ere egiten dugu, urte osoko prebentzio eta informazio kanpainak antolatuz eta aurrera eramanez: Minbiziaren Nazioarteko Egunean, otsailaren 4an; Tabakorik Gabeko Nazioarteko Egunean, maiatzaren 31n; eta minbizi mota bat edo bestearen prebentzio kanpainak tokatzen direnean". 

Laguntza mota asko 

Askotariko premiekin joaten da jendea elkartera. "Diagnostikatu berri diotenean, jendea zeharo galduta dago, eta askotan, bidelagunak izango dituztela jakitea da behar izaten dutena", dio Garciak. 

Behar praktikoak ere askotarikoak dira: "Bajen, desgaitasunen edo minusbaliotasun-agirien gainean informatzen dugu; mendekotasunerako laguntzez ere informazioa eman eta udaletara, Gizarte Segurantzara edo aldundietara bidaltzen dugu; batzuek bigarren mediku-iritzi bat nahi izaten dute; beste batzuek ortopedia behar izaten dute: laguntza teknikoren bat, gurpildun jesarlekua, artikulatutako oheak…". AECCk ematen dituen zerbitzuen artean, aparailu ortopedikoak doan eta behar den denbora guztirako uzten dizkie pazienteei.

-----------------

Umeen %77 osatu egiten dira

Lehenengo kausa: lehenengo bizitza-urte ondorengoko umeen lehenengo heriotza-kausa da minbizia herrialde garatuetan. 

Milioi bat umetik 155: 0 eta 14 urte arteko milioi bat ume bakoitzeko, urtero 155 kasu detektatzen dira, eta minbizi kasu guztien %1 dira.

7.000 umetik bat: 15 urtetik beherako 7.000 ume bakoitzeko kasu bat antzematen da urtero.

Espainian, 1.100 kasu: 0 eta 14 urte arteko umeengan, urtero 1.100 kasu antzematen dira Espainian.

Heriotza tasa, behera: 1980. urtea ezkero, %50 txikitu da minbizia duten umeen heriotza-tasa. Gaur egun, minbizia duten umeen %77 osatu egiten dira. Otsailaren 15a da Minbizia duten Umeen Nazioarteko Eguna.

Inbertsioa: AECCek ia 2.000.000 euro dauzka inbertituta umeen minbizia ikertzeko.

Ikerketa-beka: Gipuzkoako AECC elkarteak, bere 25. urteurrenean, 150.000 euro eman ditu umeen minbizia ikertzeko beka baterako. 

-----------------

Prebentzio kanpaina arrakastatsua

Kolon eta ondeste minbizia goiz antzemateko informazio kanpainari martxo inguruan ekingo dio AECC Arabak. Marivi Garciak dioenez, orain arteko prebentzio-probek "oso erantzun ona" izan dute; proba samurra da egiteko, eta, mamografiak ez bezala, ez da batere mingarria. Debagoienean hiru urtean jarraian egin da kanpaina hori, eta urte bakoitzean gonbidatutako jende gehienak –50 eta 69 urte arteko herritarrak– hartu du parte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak