Torrealdai: "Auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte 'Egunkaria'-ren zauriari odola dario"

Goiatz Arana Begiristain 2013ko otsailaren 20a

'Egunkaria auziko' auzipetuak, langile ohiak eta hainbat arlotako eragile eta ordezkariak batu dira Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen aginduz 'Euskaldunon Egunkaria' itxi eta zenbait lagun atxilotu zituztela 10 urte betetzen diren egunean. 'Egunkaria'-ren zauriari odola dariola eta oraindik ere gizartearen beharra izaten jarraitzen dutela azaldu dute. ARGAZKIAK

Naroa Iturri kazetariak egindako sarrerako agurraren ondoren, bideo bat eman dute eta bertan bildu dituzte itxieraren unea, hurrengo egunetan langileek egindako lana, gizarteak erakutsitako babesa, epaiketa izan zeneko momentuak, langile ohien testigantzak zein hainbat pertsona ezagunenak.

Auzi nagusia itxita egon arren, auzi ekonomikoa itxi gabe dagoela ere ekarri dute gogora ekitaldian. Zortzi lagun daude horretan auzipetuta. Egunkaria-ko Administrazio Kontseiluko lehendakari ohi Joan Mari Torrealdai da horietako bat, eta hitza hartu duenean guztion babesa eskatu du, auzi ekonomikoa absoluzioarekin itxi arte Egunkaria-ren zauriari odola dariolako, bere esanetan. Eta horri gehitu dio euskarari normalizazio tresna "paregabea" kendu eta gizartea "pobretu" zutela, euskarazko komunikabide baten faltan utzita.

2003a, "amesgaizto"

"Zoritxarrez, gutako askorentzat, 2003 urtea ez da historia, eguneroko amesgaiztoa baizik, bigarren epaiketaren mehatxupean baikaude". Hala laburbildu du azken hamarkadan bizi izandakoa.

Ildo horretatik, 2003ko otsailaren 20an atxilotu, inkomunikatu, torturatu eta kartzelan sartu zituzten lagunak gogoratu ditu Torrealdaik. Urteak igaro badira ere, "epaiketaren edo kondenaren jirabiran bizitzera" behartu dituztela salatu du; kalean egonda ere, kontuak blokeatuta, ondasunak bahituta eta mugimenduak murriztuta bizi izan direla epaiketa bitartean. Oraindik ere bi lagun badira horrela, Torrealdaik azaldu duenez.

"Gu kalean gaude, baina Egunkaria ez" esan, eta galdera bota du airera: "Nork ordainduko du egindako kaltea, kalte pertsonala, morala, ekonomikoa, linguistikoa, kulturala? Noizko erreparazioa?". 

Eragileen babesa

Ekitaldian izan dira Egunkaria auziko auzipetuak, eta haiekin batera, Euskal Herriko eragile eta gizabanako ugari ere: politika, gizarte nahiz kultur arlokoak. Fermin Muguruza, musikaria; Martin Garitano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; EAJko Markel Olano eta Joseba Egibar; EAko Karlos Garaikoetxea; Martxelo Toledo, ESAITeko ordezkaria; Pello Zabala, frantziskotarra; Iñaki Soto, Gara-ko zuzendaria; Edurne Brouard, AEK-ko arduraduna; Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusia; Joseba Alvarez eta Joseba Permach ezker abertzaleko ordezkariak; Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusia eta Hekimeneko lehendakaria; eta Inazio Arregi, Tokikomeko presidentea eta Goienako zuzendari nagusi ohia, besteak beste.

Erreportaje zabala eta saio berezia 'Goiena'n

Goienaren egubakoitzeko paperekoan, Egunkaria-ren itxiera, hamar urteotako ibilbidea eta gaurko ekitaldia batzen dituen erreportaje zabala eskainiko dizuegu, eta berdin egingo dugu Goiena telebistako AsteOn saioan ere, egubakoitzean, 21:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak