Debagoieneko jardunaldi gastronomikoen ibilbideak ez du etenik; martxan den azken edizioarekin, jardunaldiok egiten diren hamahirugarren aldia da eta laugarren urtea. Bailaran murgiltzeko aukera eskaintzen du ekimenak, bertako sukaldaritza, produktuak eta eskaintza turistikoa uztartuz. Debagoienean dauden baliabide gastronomikoak balioan jartzea du helburu, lehen, bigarren eta hirugarren sektoreak elkartuz, eta aitzindari da Gipuzkoan eta Euskal Herrian.
Ohikoa den moduan, bertako eta garaiko produktuak izango dituzte ardatz menu bereziek. Kasu honetan: bildotsa, Debagoieneko ardi esnekiak eta peilak.
Zortzi jatetxe
Arrasateko Hilarion eta Santa Ana; Bergarako Lasa eta Zumelaga; Elgetako Maialde; eta Oñatiko Etxe-Aundi, Goiko Benta eta Soraluzek parte hartzen dute jardunaldietan; zortzi jatetxe horietan eskainiko dituzte menu bereziak, 32 eta 46 euro arteko prezioetan. Menu horietakoren bat dastatzen dutenek, gainera, 2x1 delako txartela jasoko dute, Debagoinean barrena egin daitezkeen bisitetako bat prezio berezian egin ahal izateko.
Ekoizpen prozesua lehen eskutik ezagutzeko
Horrez gain, bisita gidatuak ere jasotzen ditu eskaintzak, bertako produktuen jatorria eta ekoizpena lehen eskutik ezagutzeko: nekazaritza ekologikoko Antzuolako Lapatza baserria, Aretxabaletan bertako okela ekologikoa ekoizten duen Mendibitzu baserria eta Arantzazuko Gomiztegi kooperatiba bisitatu ahalko dira, aurrez izena emanda betiere. Eta Leintz Gatzako Jakion barazki eta fruta kontserbagintza enpresa eta Gatz Museoa bisitatzeko aukera ere izango da.
Martxoa ekintzez beteta
Hori gutxi ez-eta, ekintzez beteta etorriko da martxoa; azoka bereziak eta dastatzeak izango dira:
- Martxoaren 2an, II. Debagoieneko Artzain Eguna, Oñatin.
- Martxoaren 6an, Idiazabal Gaztaren dastatzea, Idiazabal jatorrizko izendapenaren eskutik. Eskoriatzako Zubiateko labean.
- Martxoaren 9an, Emakume Baserritarren eta Artisauen Azoka, Arrasaten.
- Martxoaren 13an, ardo eta txakolin dastatzea, Mikel Garaizabalek gidatuta, Elgetako Maialde landetxean.
- Martxoaren 20an, Getariako txakolinaren dastatzea, Getariako Txakolina jatorri izendapenaren eskutik, Leintz Gatzagan.
- Martxoaren 23an, Erramu Zapatuko Feria, Bergaran.
Eta apiril amaieran, 27 eta 28an, asteburu tematikoa izango da.
Asteburuan hasi zen jardunaldi gastronomikoen hamahirugarren edizioa eta apirilaren 7ra arte izango da, Aste Santua barne. Hurrengo jardunaldiak ekainean eta urrian izango dira.