Hamar lagun atxilotu zituzten orduan (Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia –2006an hil zen– eta Inma Gomila) eta urte bereko urrian beste zortzi (Mikel Arrizabalaga, Angel Diez, Armando Hernandez, Mikel Sorozabal, Joxe Mari Sors, Mikel Azkune, Joanmari Larrarte eta Xabier Legarra).
'Egunkaria' ixten.
Guardia Zibilaren esku, inkomunikatuta eduki zituzten guztiak; batzuk bermea ordainduta irten ziren kalera; eta beste batzuk baldintzarik gabe espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak. Iñaki Uria izan zen Egunkaria auzia zela-eta aske geratzen azkena. 2004ko abuztuaren 2an atera zen, 450.000 euroko bermea ordaindu ondoren.
2009ko abenduaren 15ean hasi zen Egunkaria-ren kontrako epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nagusian. Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek deklaratu zuten. Miguel Angel Carballo fiskalak ez zien ezer galdetu -bere garaian auzia ixteko eskatu zuen–, eta auzipetuek ziurtatu zuten Egunkaria-k ez zuela loturarik izan ETArekin. Guardia zibilen deklarazioak etorri ziren ostean, eta baita bi aldeetako beste lekuko batzuk ere. 2010eko urtarrilaren 27an bukatutzat eman zituzten deklarazioak, eta otsailaren 1ean Egunkaria-ren aurkako epaiketa bera.

Elkarretaratze ugari egin zituzten Debagoienean; argazkian, Bergarakoa.
Absoluzioa, 7 urtera
2010eko apirilaren 12an, Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zituen Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga, Egunkaria-ko itxiera kasuko bost auzipetuak, euren kontrako frogarik ez dagoela ebatzita. Absolbitu egin zuen, beraz, Egunkaria.
Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandezek osatu zuten epaimahaia, eta aho batez hartu zuten erabakia. Sententziaren arabera, auzipetuek ez zuten deliturik egin eta zuten ETArekin loturarik eduki, itxiera neurria Espainiako Konstituzioaren babesik gabea izan zen, hedabideak demokrazian oinarrizko tresna dira eta itxierarekin adierazpen askatasuna urratu zen, Egunkaria-k ez zuen “terrorismoa” goresten, akusazioak frogarik gabekoak, ahulak eta oinarririk gabeak izan ziren, eta atxilotuen inkomunikazio garaian ez zen kontrol judizialik egon —torturak eta tratu txarrak jaso izana salatu zuten—. Maiatzaren 4an, Egunkaria-ko itxiera kasuko absoluzio epaia behin betikoa eta irmoa bihurtu zen, AVT eta Dignidad y Justicia elkarteek ez zutelako haren aurkako helegiterik jarri Espainiako Auzitegi Gorenean.
Eskerrak emateko ekitaldia
Apirilaren 25ean, itxiera kasuko bost auzipetuen eta Euskaldunon Egunkaria-n parte hartu zuten guztien izenean eskerrak emateko ekitaldia izan zen Bilbon, Euskalduna jauregian, musikari, dantzari eta bertsolariak lagun hartuta. Joan Mari Torrealdai auzipetuak gogoratu zuen auzi ekonomikoa zabalik dagoela eta hor ere absoluzioa behar dela.
'Egunero'
Itxieraren biharamunean, 2003ko otsailaren 21ean, Egunkaria-ko langileek Egunero egunkaria atera zuten. Lehen egunean 70.000 ale saldu zituen Egunero-k, eta Berria sortu artean iraun zuen (2003ko ekainaren 21ean sortu zen Berria; une hartan ia hamasei mila akziodun zituen).
Ongi-etorri ekitaldian, 'Egunero' begiratzen.
Euskaldunon Egunkaria duela 20 urte jaio zen, 1990eko abenduaren 6an, Durangoko azoka irekitzearekin batera,. Durangon, Pello Zubiriak, lehen zuzendariak, aurkeztu zuen ekitaldi batean.
'Goienkaria'n ere hizpide, bi astetan jarraian
Egungo Goienaren paperekoa Goienkaria zen orduan. Azal nagusira ekarri zuen albistea eta bi orri eskaini zizkion barruan, biharamunean: operazioa bera, erreakzioak, Mikel Lizarralde Euskaldunon Egunkaria-ko langile bergararrari elkarrizketa eta Goienako Zuzendaritza batzordearen adierazpena:
Astebete beranduago, 100. zenbakian, ibarreko herri denetan egindako elkarretaratzeen berri eman zuen eta Plazagunea-ko gerente Fermin Lazkanori egindako elkarrizketa jaso zuen –Bergarakoa hori ere:
Goiena telebistako lantalde bat Andoainera joan zen egunean bertan, gertaera zuzenean jarraitu (bideoa goian) eta erreakzioak jasotzera:
Handik bizpahiru hilabetetara, erreportaje zabala eskani zuen:

