AHT-aren lanak aurrera doaz Lamiategiko zubi-bidean

Jagoba Domingo 2013ko otsailaren 19a

Eusko Jaurlaritzak, Euskal Trenbide Sarea erakundearen bitartez, Lamiategiko zubi-bidea, Bergara eta Angiozar artekoa, eraikitzeko lanak amaitzeari ekin dio.

Bide-zubiak 425 metroko luzera du, eta 31 metroko altuerara heltzen diren hamar zubi-pilare ditu. Horrez gain, 40 metroko bederatzi bao eta 30 eta 35 metroko konpentsazioko beste bi bao ditu. Bergara-Bergara tarteak 3,1 kilometroko luzera du, eta horietatik ia erdia zubi-bideek osatzen dute. Tarte honetako lanek 95,1 milioi euroko aurrekontua dute, eta amaitzeko epea 34 hilabetekoa da.

Zubi-bide berri honen lanak ordea, inguruko bizilagunei eragozpenak sortzen ari direla aitortu digute. Victor Iglesias-en esanetan, egoera jasangaitza da, kamioiak egun osoan dabiltza gora eta behera, dena lokatzez gainezka dago eta mendia ere jausten hasia da. Bere ustetan "txikizio larregi dira tren baten ibilbidea egiteko".

Une honetan, Eusko Jaurlaritzak Euskal Y-aren Gipuzkoako adarrean eraiki behar dituen zati guztiak lanean edo amaiturik daude. Adarraren ibilbidearen % 77,6 (59,1 km.) eraikuntza prozesuan dago jada, Donostiarako eta Irunerako behin betiko sarbideak eta Frantziarekiko lotura definitzearen faltan.

Arrasate-Elorrio plataforma

Horrez gain, Arrasate eta Elorrio arteko plataforma eraikitzeko lanak amaitu ditu Adif enpresak. Tarteak 4,4 kilometroko luzera du, eta bidearen % 81,6 lurpetik egingo du, Karraskain eta Udalaitzeko tuneletatik. Gainontzeko tartea Kobate eta Gabaundi zubi-bideek osatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak