Sei ikastaro espezializatu emango dira Enplegu Planaren eskutik

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 19a

Hemendik eta udazkenera arte eramango dituzte aurrera Eskualdeko Enplegu Planean jasotako ekintzak. Denetara, zuzenean, 100 bat lagunendako lan eta formazio aukerak emango ditu plan horrek; formazioari eta aholkularitzari dagokionez, modu zabalean, nahi duten guztiek jaso ahal izango dute, ekintzailetza eta autoenpleguaren arloan, betiere.

Eusko Jaurlaritzak, Lanbideren bitartez, agindu zien eskualdeei enplegu planak diseinatu zitzaten, horretarako baldintza batzuk ipini ondoren jaso zitzaketen ekintzen gainean. Debagoieneko planak 228.000 euro inguruko dirulaguntza jaso du.

Ekintzaileendako saioak

Hiru ekintza-lerro nagusi ditu enplegu planak: udalen kontratazio zuzenak; autoenplegua eta ekintzailetza; eta prestakuntza proiektu espezializatuak.

Autoenplegu eta ekintzailetza atalean, Mankomunitateko Garapen Agentziak aholkularitza zerbitzuak emango dizkie bere enpresa sortu nahi dutenei. "Urtero, gai horren inguruko 160 bat kontsulta jasotzen dugu Garapen Agentzian; enpresa-ideia guztietatik, 50 bat gauzatzen dira. Hori ikusita eta dirulaguntza ikusita, 30 proiekturendako laguntza ematea planteatu dugu", azaltzen du Garapen Agentziako arduradun eta Eskualdeko Enplegu Foroko kide Koldo Azkoitiak.

Publiko guztiarendako, ordea, izango da beste ekintza bat: autonomo lanaren gaineko jardunaldi irekiak. "Autonomo izatea zer den, ze hartu behar den kontuan, ze alde positibo eta negatibo dituen… alderdi horiek landuko ditugu", esaten du Azkoitiak. Horiek ze herritan eta egunetan izango diren zehaztuko du Garapen Agentziak.

Horrez gain, tailer espezifikoagoak egingo dituzte. "Negozioa muntatu gura dutenendako edo negozioa muntatu berri dutenendako izango dira tailer horiek: zergak, komertzio elektronikoa, datuen babesa, kudeaketaren kontrola… bezalako gaiak jorratuko dira tailerretan", azaltzen du Koldo Azkoitiak.

Aholkularitza saio eta tailerren kostuaren %15 Mankomunitateak hartu du bere gain.

Lan egin duten langabeendako

Prestakuntza proiektu espezializatuetan, sei ikastaro emango ditu Garapen Agentziak, eskualdeko beste erakunde batzuekin kolaborazioan. Horiek, denetara, 60 bat lagunendako lekua izango dute.

Sei ikastaro horietatik bostek ezaugarri antzekoak izango dituzte: denak 100 ordukoak izango dira eta bakoitzak 12 ikaslerendako lekua izango du. Parte hartzeko baldintza hau da: langile langabea izatea, hau da, arlo horretan lan eginda izandakoa.

Honako gaiak emango dituzte: sukaldari-laguntzailea (Mankomunitateak emango du hori); neuroendekapenezko gaixotasunetarako zaintza aringarriak; bizikleta elektrikoen teknikari ikastaroa; programa informatikoak eraikuntza arloan –programa berriak ikasi gura dutenendako eraikuntza arloko teknikari langabeei zuzendua–; eta energia berriztagarrien eraginkortasuna –batez ere, energia eolikoa eta energia fotovoltaikoa landuko dituzte.

Kalitatezko formazio aukera

Seigarren ikastaroa bestelakoa izango da: 360 ordukoa izango da –hiru hilabete inguru– eta 20 eta 30 urte arteko lan egin duten langabeei debagoiendarrei egongo da zuzenduta, Gazteak Prest Lanerako Debagoienean izenarekin. Arloa: eraikinen eta kanpo-altzarien mantenua. "Kalitatezko formazioa jasotzeko aukera izango dute mantenu-lan mota askoren gainean: igeltserotza, iturgintza, arotzeria, elektrizitatea, margogintza…", esaten du Garapen Agentziako arduradunak.

Hiru hilabetean, teoria ikasiko dute, eta beste hiru hilabeteko epean, udalek proposatutako mantenu-lan arinak egingo dituzte, praktika gisa. Hori bost ikasleko bi taldetan egingo dute, bakoitza talde-buru batekin; talde-buru horiek lehenengo faseko irakasleak izango dira, eta horiek ere esperientziadun langabeak izango dira. Praktikak ordainpekoak izango dira: 400 bat euro hilean.

Koldo Azkoitiak argitzen duenez, praktika horiek "ez dira izango Lanbide Eskolan egiten zirenak modukoak, eraikin oso bat birgaitzea; askoz arinagoak izango dira".

Gazteak Prest Lanerako programarako, 49.000 euro Lanbidek ipini ditu, eta 40.000 baino gehiago, Mankomunitateak.
Ikastaro guztietan, formazio gastuen %15 Mankomunitateak hartu du bere gain.

Udalek, 11 lanpostu

Kontratazioen atalean, Oñatiko Udalak sei kontratazio egingo ditu; Arrasatekoak, hiru; eta Eskoriatzakoak, bi. Kapitulu horretarako 42.000 euroko dirulaguntza jaso du Eskualdeko Enplegu Planak, denetarako 228.000 euro horien barruan, eta kostearen laurdena da hori, gutxi gorabehera. Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata kobratuko dute kontratatuko dituzten 11 langile horiek. Lanbidek ezarri dituen irizpideak bete beharko dituzte: langileen erdiak Diru-sarrera Bermatzeko Errentaren onuradunak izan behar dira; %30, kolektibo berezietakoak; eta beste %20ak, bestelako langabeak.

Dirulaguntzak ez dira nahikoak enplegu publiko lanpostu asko sortzeko: beste urte batzuetan, udalen eta mankomunitatearen artean, gutxi gorabehera 150 lanpostu eskaintzen ziren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak