Espainian ematen den bakarra da Mondragon Unibertsitatearen LEINN gradua eta ikasteko metodologia goitik behera aldatzen du: ikasle guztiak ekintzaileak dira eta, lehen ikasturtetik, euren enpresak eratzen diuzte, benetakoak eta benetako diruarekin; hori da ekintzaileek edo leinnerrek gainditu beharreko erronketako bat.
Nazioarteko eskarmentua
LEINN graduan, nazioarteko eskarmentuak ezinbesteko garrantzia hartzen du eta, horretarako, learning journey izeneko bidaiak egiten dira. Ikasketa bidaia horiek oso garrantzitsuak dira graduak irauten dituen lau urteetan: urtero, bidaia bat egiten dute, eta bidaia bakoitzak bere helburuak ditu.

Ekintzaile talde bat bilduta, lantokian.
Lehen ikasturteko ekintzaileak –Herbehereetakoak, Madrilgoak eta Gipuzkoakoak– Finlandian daude honezkero –ekintzailetzaren sorlekuan– eta zazpi astez egongo dira bertan. Ekintzaileek aukera izango dute finlandiar ikasleekin batera proiektuak sortzeko, eta gaur egungo ikasleek eta graduatutako ekintzaileek sortutako enpresak ezagutuko dituzte. Ikasketa-bidaia horrek beste helburu espezifiko batzuk ere baditu: konfiantzazko eta nazioarteko lankidetzazko giroa sortzea, kultura-ingurune ezezagun batean proiektuak sortzea, eta programa akademikoan sortutako enpresetako lana antolatzen eta koordinatzen ikastea.
Beste ikasturteetako ekintzaileek Txinara, Indiara eta San Frantziskora bidaiatuko dute laster, prestakuntza osatzeko. Haien guztien helburua da beste esperientzia batzuetatik ikastea eta herrialde horietan proiektuak martxan jartzea.
Madrilen eta Herbehereetan ere bai
Ikasturte honetan, graduaren zati bat –enpresekin benetako proiektuak garatzeari buruzkoa– EAEn emateaz gain –Irunen eta Oñatin–, Madrilen eta Herbehereetan ere ari dira ematen. Bi leku horietan, 35 ekintzaile daude honezkero.