1. Urteak daramatzazu boxeo izar artean. Zeinekin geratzen zara?
Bat aukeratzea ia ezinezkoa den arren, Naseem Hamedekin. Inork ez daukan meritu bat dauka: boxeo zale ez direnak ere berarekin txundituta gelditzen direla.
2. Zale eta etsai amorratuak ditu boxeoak; nahikoa baloratzen da?
Bi aldeak ulertzen ditut, eta bateraezinak dira. Batzuentzat artea da, besteentzat basakeria hutsa. Balorazioak egin partez, ikusi nahi duenari ikusteko aukera ematea tokatzen zaigula uste dut.
3. Zu zeu inoiz igo zara ringera?
Ez, tentaziorik ere ez dut izan; ausardia handia behar da. Beste kiroletarako baino zerbait gehiago behar da. Besteetan hasiz gero, emaitza txarrena galtzea edo lotsagarri geratzea da. Boxeoan, hori, eta muturrak apurtuta etxera joatea...
4. Gasteizko Legebiltzarrean ala ringean, non arrisku handiagoa?
Arriskua bakoitzak bere erara ulertzen du. Ringean badakizu zein daukazun aurrean eta zertara datorren; Legebiltzarrean gaurko laguna, biharko arerio duzu eta alderantziz. Horrek beldur handiagoa ematen dit...
5. Alboan izaten duzun eta Patagoniako Maritxalar berdinak dira?
Sakonean pertsona berbera da. Bakoitzaren izaera, nola edo hala, bizitzako arlo denetan azaltzen da; argi dago baina, boxeo saioan Manuren betebeharra txikiagoa dela.
6. Ia jaio zenetik zaude ETBn: zertan asmatu da eta zertan ez?
Betiere ETB-1-n, pilota eta estropadak moduko gure kirolak telebistaz ikusteko ahalegin eta pausoetan asmatu dugula uste dut; umeen saio eta Goenkale bezalakoetan ere bai. Albistegien maila txukuna da. Aldiz, zineak ez du arrakasta izan eta ez dugu lortu egun osoko programazio erakargarria egitea.
7. Kamera aurrean agertzea ez omen duzu gustuko...
Lotsatia naiz eta ezkutuan edo konfiantza giroan askoz hobeto moldatzen naiz; kamerak kikiltzen nau eta ez nago eroso.
8. Iribar jaio izan ez balitz, sortu egin beharko litzateke?
Uste dut bere garaian Iribar, neurri baten, jendearen irudimenak sorturiko mitoa izan zela. Orduan ez zen orain moduan dena ikusten: bakoitzak imajinatu egiten zuen eta horrela sortzen ziren mitoak.
9. “Irudi eta eredu” azaltzen duzu Iribar. Akatsen bat izango du...
Edozeinek bezala; hezur eta haragizkoa da. Badakit dena ez didala kontatu; baina liburuak Iribar eta bere garaia sakonago ezagutzeko balio izan badu, bete da helburua.
10. Kirolaz gain, beste zertaz galdetzea gustatuko litzaizuke?
Berdin zait; errespetuz eginda ez dago galdera txarrik. Baina ez naiz hasiko ni neuri galdetzen, ezta? Egiten dut tarteka, eta erantzunik ez aurkitzea izaten da txarrena...
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Makilatxo magiko bat baino nahiago nuke hurritz egurrez edo lizarrez egindako benetako makila bat. Hamaikatxo bizkar astinduko nituzke!".