Urrian aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da desbideratze negatiboa (%3,4).
Gipuzkoako alkateak Foru Aldundiaren egoitzan izan dira gaur goizean, Ogasun Departamenduko arduradunekin bilduta, 2012ko Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioaren berri izateko. Izan ere, joan den astean 2012ko ekitaldian Jaurlaritzari egin beharreko ekarpenen likidazioa finkatu ondoren, udalentzako 2012ko funtsaren likidazioa kalkulatu ahal izan du Gipuzkoako Aldundiak, Ekarpen Legean oinarrituta.
Gipuzkoako Zerga bilketa aurreko urtearekiko positiboa izan denez, Bizkaian eta Araban ez bezala, aurten udalek itzuli beharko duten kopurua iaz baino txikiagoa izango da. 2011ko likidazioa 355.951.450 eurokoa izan zen; 2012ko likidazioa, berriz, 381.223.760 eurokoa. Udalak finantzatzeko funtsa %7,1 hazi da, beraz. Aldundiak udalentzako ekarpena %0,5 handitzeak ere eragin du azken emaitzan.
Opor fiskalengatik, 4,1 milioi udalendako
Udalek 13,4 milioi euro itzuli beharko dituzte iazko UFFFetik (funtsaren %3,4). Berez, 15,7 milioi zegokien itzultzea, 2012ko urrian aurreikusitakoa baino 7 milioi gutxiago, baina azkenean Estatu laguntzak edo opor fiskalak berreskuratzeagatik, udalei 4,1 milioi euro dagozkienez (hasieran esleitutakoa baino 2,3 milioi gehiago), behin betiko itzulketa 13,4 milioi eurotan gelditu da.
Helena Franco Ogasun eta Finantza diputatuak, Itziar Miner Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak eta Xabier Olano Ogasuneko zuzendariak 2012ko UFFFari eta itzulpenari buruzko xehetasunak eskaini dizkiete Gipuzkoako udaletako ordezkariei.
Zerga eta Finantza Politikako zuzendariak hedabideei egindako adierazpenetan nabarmendu du itzulketa ez dela karga handia izango udalentzako, desbideratzea %3,4koa izan baita. Alkateek itzulketa 2013an zehar egitea proposatu dute, iaz bezala, lau zati berdinetan. Diru gehiago itzultzea espero zutelako ekarri dute proposamen hori. Era guztietara Ogasunarentzat arrazoizko planteamendua da, batez ere Udalek 2009tik datozen gerorapenak ordaindu behar dituztela kontuan hartu behar baita.