Asteburuko batzarretan herri etako Sortuko ordezkariak aukeratzeko barne hauteskundeak egin dituzte eta ekimen horrekin bukatu da azaroan hasi zuten prozesua, Sortu eratzeko prozesua. "Prozesu osoaren balorazio oso positiboa egiten dugu. Jende askok parte hartu du eta parte-hartzea handia izan da", adierazi du Sorturen Debagoieneko ordezkari Ibai Redondo bergararrak.
Ponentziak aztertu eta emendakinak aurkeztu dituzte parte hartu duten herritarrek. "Emendakin asko aurkeztu dira, eta batzar pare bat gehiago egin behar izan ditugu. Astean, esaterako, alderdiaren ildo politikoa eta antolaketaren emendakinak aztertu ditugu. Hurrengo pausua zapatuan egingo den batzar nazionala da", azaldu du Redondok.
Autobusak Iruñara
Zapatuan bi ekitaldi egingo ditu Sortuk Iruñan: goizean, batzar nazionala egingo dute Baluarten. Alderdiaren ponentzia orokorra onartuko dute eta Kontseilu Nazionala eratuko dute. "25 kide izango ditu Kontseilu Nazionalak eta horietatik hiru, Ipar Euskal Herriko herritarrak izango dira", argitu du Ibai Redondok. Arratsaldean, bestalde, ekitaldi politikoa egingo dute Anaitasunan.
Datorren zapatuan Iruñan egingo diren ekitaldietarako autobusak antolatu dituzte bailarako herrietan eta dagoeneko eman daiteke izena.