Saioak iragartzeko Debagoieneko ESIk bidalitako prentsa oharrak dioenez "haurren artean, helduen artean bezala, obesitatea osasun publikoaren arazo garrantzitsua bihurtu da azken urteetan, hazkunde handia izan duelako eta herri garatuetan hazteko duen joeragatik". Daniel Jiménez, Debagoieneko ESIko Obesitate eta Pediatria-Endokirnologia Klinikako arduradunak eta Agustín Rodríguez eta Lisette Delgado pediatrek fenomeno honi buruz hitz egingo dute otsailaren 20an eta 27an Arrasaten –19:00etan Kulturaten– eta Bergaran –19:00etan Irizarren–, hurrenez hurren.
"Prebentzioa ezinbestekoa da etorkizunean herritarren zati esanguratsu batek gaixotasun kronikorik izan ez dezan eta bizi-kalitaterik gal ez dezan. Obesitateak gorputza hartzen duenean oso zaila da tratatzen. Horregatik prebentziorako ahalegin guztiak oso garrantzitsuak dira eskola inguruan, familian elikadura ohiturak aldatzeko eta, baita ere, ariketa fisikoa sustatuz", dio oharrak.
Eta jarraitzen du: "Espainian haurren obesitatea asko hazi da eta arduratzeko moduko arazo bihurtu da. Orain dela 15 urte haurren %5ek zuen obesitatea, gaur ordea %16k du"
Besteak beste, ikasgelak honako puntu hauek jorratuko ditu:
-
Obesitatea zer den.
-
Euskadin gaur egun dugun egoera.
-
Diagnostikoa.
-
Arazoak heldutasunean.
-
Tratamendua.
-
Prebentzioa.