Gurasoentzako baliabide gida kontsultagarri dago

Zuriñe Velez de Mendizabal 2013ko otsailaren 18a

0 eta 5 urte bitarteko seme-alaben gurasoei laguntzeko baliabide gida kaleratu berri dute. Txatxilipurdik garatu du, eta Arrasateko Udal Bibliotekan eta Aretxabaletako liburutegian dago kontsultagai.

Txatxilipurdik garatu du 0-5 urte arteko haurrak dituzten gurasoentzako baliabide gida. "Gurasoei umearen hazkuntzan lagungarri izan zitezkeen baliabide batzuk eskaintzea zen asmoa. Lan nahikotxo egin dugu, eta produktu txukuna irten zaigula esango nuke". Hala adierazi du Txatxilipurdiko Guraso Saileko Aizpea Otxandianok.

Hutsunea betez

Arrasateko bibliotekako eta Aretxabaletako liburutegiko langile banaren ideia izan zen gisa horretako baliabide gida bat sortzea. "Beharra zegoela ikusi zuten, eta gugana jo zuten laguntzeko prest egongo ote ginen galdetuz, eta hala hasi ginen elkarlanean". Liburu ezberdinak aztertu dituzte gida osatu ahal izateko eta "lagin luze batetik materiala hautatu" dute, zenbait gurasoren gomendioak jarraituta.

Gai bakoitzeko liburu gutxi batzuk jasotzen dira bertan. "Gehienak gaztelaniaz, euskaraz oraindik gutxi dauden eta hutsune bat dago esparru horri dagokionez".

Gai ugari, 74 liburu

Haurdunaldian hasi eta haurraren aurreneko bost urteetan lagungarri izango zaizkien gaiak jorratzen dituzten liburuak gomendatzen dituzte. Besteen artean, aire zabaleko jolasak edota heriotzaren gaia lantzen dutenak, oihurik gabeko heziketari buruz hitz egiten dutenak...

Guztira, 74 liburu, eta baita zenbait aldizkari eta webgune eta ipuinen gomendioak. "Den-denak seguruenik ez, baina horietariko asko kontsultagarri daude Arrasateko Udal Bibliotekan, eta baita Aretxabaletako liburutegian ere".

Baliabide gida, gainera, bi liburutegietan eskura daiteke, eta http://www.guraso.com helbidean ere kontsulta daiteke, PDF formatuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak