Gaur zortzi –otsailak 8–, "tamaina handiko" lur-jausia gertatu zen Aretxabaletako hegoaldeko sarreran, eta bidegorri zati bat lur, harri eta zuhaitzez estali zuen; zapatura bitartean eremua garbitu zuten, eta ostera zabaldu.
Egunotako euriteek, baina, ez dute lagundu, eta martitzenean lokatza jausi zen, eta bidegorria ostera estali. Haren egoera ikusita, bidegorria ixtea erabaki zuten egunean bertan. Lagun asko pasatzen dira handik egunero; bereziki, Aretxabaletatik Arizmendi Ikastolako Almen gunera doazen umeak. Bada, arazo horri behin-behineko irtenbidea eman nahian, GI-627 errepide bazterretik pasabidea egokitu eta udaltzainak jarri zituzten zaintze lanak egiten, Almeneko sarrera-irteeretan. Seinale bereziak ere jarri zituzten. Eguen eguerdian, baina, bidegorria garbitu eta hura ixten zuten hesiak kendu egin zituzten. Atzo ezkero, beraz, bidegorria zabalik da.
Magala aztertu
Dena den, Jose Mari Segoviak Aretxabaletako Udaletik jakinarazi du Diputazioarekin badagoela harremanetan, arazoa konpontzeko. Hala ere, onartu du arazo "serioa" dela, inbertsio "oso garrantzitsua" eskatzen duena. Gaineratu du mendi-magalaren egoera "sakon" aztertu beharra dagoela, eta, hori egiteko, hobera egin behar duela eguraldiak. Horren harira, honakoa esan digu: "Gutxienez astebete pasako da".