Berdintasuneko foru zuzendariak, Laura Gomezek, azpimarratu du bere Zuzendaritzaren aurrekontuaren % 38 bideratuko duela deialdi honetara: 200.000 euro elkarteek garatutako proiektu estrategikoetarako, eta beste 200.000 euro, berdintasun politikak indartzera zuzendutako udal ekimenetarako. Horrela, azken bi urteotan 100.000 euroan handitu da deialdi honen aurrekontua, agerian utziz “Foru Aldundiak duen konpromisoa, politika feminista eraldatzaileekiko, mugimendu sozialekiko eta Gipuzkoako emakumeen jabekuntzarekiko”.
Gomezek nabarmendu du diru laguntza horiei esker kolektiboek beren proiektuak diseinatu ditzaketela, proiektu anitzak, emakume mota orotara iristen direnak. Izan ere, laguntza lerro horrekin, besteak beste, Feministaldia bezalako hainbat ekimen egin dira; emakume migratzaileek antolatutako lidergo eskolak jarri dira abian; hiri debekatuaren mapak egin dira; edo mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten emakumeen jabekuntzaren alde lan egin da.
Elkarteei egiten zaien deialdiaren kasuan, emakume kolektiboek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek aurkeztutako jarduerak finantzatuko dira, jarduera horien helburu eta esparru bakarra denean berdintasuna sustatzea.
Udalei zuzendutako laguntza lerroari dagokionez, proiektu estrategikoetarako finantzazioa lortzeko, udalek berdintasunerako politikak garatzeko marko egonkor bat izan behar dute jada: plana, gai honetan espezializatutako langile teknikoak eta berariazko aurrekontu bat.
Kontzientziazio ekintzak, %60
Gomezek gogorarazi du 2012ko deialdian laguntza jaso zutela 32 proiektuk -20 udaletan- eta 45 ekimenek -31 elkartetan-. Elkarteek aurrera eraman zituzten ekimenak askotarikoak izan ziren: jabekuntzarako sentsibilizazioa eta prestakuntza bultzatzea eta genero desberdintasunen inguruko kontzientzia hartzea xede zutenak (% 60); emakumeek lan sare kolektiboetan parte hartzea sustatzera zuzendutakoak (% 22); eta indarkeria matxistaren arloko prebentzioa eta arreta hobetzeko helburua zutenak (% 13), besteak beste.
Udalei emandako diru laguntzei dagokienez, % 47 emakumeen jabekuntza eta parte-hartze soziopolitikoa bultzatzeko jarduerak izan dira; % 31 indarkeria matxistaren arloko arretaren ingurukoak; eta % 19 udal politiketan genero ikuspegiaren zeharkakotasuna sustatzera zuzendu dira.