Debagoienean asko gertatu dira; besteak beste, Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko bidegorrian, Bergaratik Osintxurako noranzkoan auzoko sarreran, Parteittira bidean (Angiozarren) gertatu ziren luiziak, baina ez hor bakarrik; han-hemenka lurra edo zuhaitzak jausi dira, eta zirkulazioa oztopatzeaz gain, egoera arriskutsuak sortu dituzte. Aramaion izan da kasu ikusgarrienetariko bat: AHTko lanen lur-zati baten, Cuatrovientos baserriaren ondoan, orain bi urte errepidea itxi zen tokitik oso gertu, lurrak A-2620 errepideko alde bat hartu zuen lur-jausiak eguaztenean, eta Aramaioko Udalak txostena bidali behar dio Arabako Foru Aldundiari.
Gainera, nahiz eta eguraldi txarrena baretuta egon, eguenean ere lurra jausi zen zenbait lekutan; besteak beste, Bergara eta Elgeta arteko GI-627 errepideko errail bat itxi egin behar izan zen arrazoi horregatik. Zorionez, ez da ezer larririk gertatu.
Horrez gain, elurra urtzen zihoan neurrian, uholde arriskua izan zen eta aparkalekuak erreka ertzetan dituzten herriek haiek ixteko abisua eman zuten larrialdi zerbitzuek.
Errekak ur handiekin jaisten ziren martitzenean eta baita eguaztenean ere; eta Segurtasun Sailak EAEko Uholde Arrisku Plan barruko 1. Larrialdi Egoera aktibatu zuen martitzenean bertan, nahiz eta gerora berau desaktibatu zen, urak bere onera bueltatzen zihoazen neurrian.
"Lurra ere behera dator"
Izan ere, martitzeneko elurteak bakarrik horrelako arazoak ez zituzkeen beharbada sortu izango, meteorologia aldetik hilabete historiko bat ez balitz honakoa; lur osoa urez beteta dagoen bat, hain zuzen ere. Euskalmet-eko arduradunak, Jose Antonio Arandak, esaten duenez, Debagoienean 700 litrotik gora bota du urtea hasi zenetik, "eta horietatik gehienak, hilabetean; urtarrilaren 12an hasi zen euria botatzen, eta ordutik ia ez du atertu. Hori erabat berezia da; marka historikoa da. Neuk, behintzat, ez dut halakorik ezagutu". Horren eraginez, azaltzen du Arandak, "lur guztia urez saturatuta dago; aire-milesima bakar bat ere ez da sartzen. Poro guztiak urez beteta daude, eta baita kanal txikiak, harri-arteak, lur-azpia… dena dago busti-bustia. Urak lubrifikatzaile lana egiten du eta, gainera, pisua dauka. Horrez gain, haizeteak izan ditugu, eta horrek zuhaitzak mugitzen ditu. Eta berez desegonkorrak diren maldatan, leku kritikoetan, lurrak eman egiten du". Bi fenomeno bereizten ditu Arandak: "Lurra labaindu egiten da eta geruza bat beste baten aurka doa; eta, bestetik, goitik behera datozen harriak eta arroka-zatiak, harriak arrastatzen dituzten errekatxoak… Denetarik dago".
Oraindik okerragoa izan zitekeen, ordea, Arandaren esanetan: "Oso lur bustiaren gainean izotza botako balu, ura puztu egingo litzateke eta jario gehiago eragingo lituzke. Baina oraingoz, badirudi ez dela horrelakorik izango".
Fermin Lezeta basozain eskoriatzarrak esaten duenez, "oso konplexua da" lur-mugimenduak aztertzea. Eguaztenean egon zen pinudi baten, eta "lurra bigun" topatu zuen: "Haizea etorriko balitz, arbolak jausi zitezkeen". Bere iritziz, gizakiaren eskuak izan dezake eragina, izan ere, "zenbait lekutan gerta daiteke ura behar ez zen lekura desbideratu izana" eta horregatik lurra solteago egotea; baina gogoeta hau egiten du berak: "Ura oso agudo mugitzen da; lurra ez, baina hura ere behera etortzen da. Baina, gure bizitzan zehar gutxitan gertatzen denez, ez gara konturatzen".
Debagoiena, "kasu deigarria"
Debagoienetik pasa den frontea ustekabea izan da. Euskalmet-eko arduradunak, Jose Antonio Arandak, honela azaldu digu zer gertatu zen: "Astelehen gauean, lehenengo fronte bat sartu zitzaigun, eta gero, fronte okluitua deitzen dioguna, hau da, fronte hotz batek fronte bero bat harrapatzen duenean. Fronte okluitu baten ezaugarrietako bat da okertuta pasatzen dela gainetik. Horregatik, zalantza asko izan genituen nondik pasatuko zen frontearen zati okertuena, izan ere, 20 kilometro alde batera edo bestera egin, Kantabriatik Bizkaitik edo Debagoienetik sar daiteke, eta egoera zeharo aldatzen da".
Hauxe da gertatu zena, Arandaren azalpenaren arabera: "Sarrera-ardatzak, azkenean, Bilbo eta Agurain arteko ustezko lerro baten izan zuen eragin handiena, eta zuon aldea, Debagoiena ere hartzen du horrek. Pixka bat alde batera edo bestera egin izan balu, beharbada zuon bailara ukitu ere ez zukeen izango".
Euskalmet eta Euskadiko larrialdi zerbitzuak erakunde bakarrean integratuta daude, eta Euskalmeten zeregin nagusia, hain zuzen, larrialdi egoerak aurreikustea eta larrialdi zerbitzu guztiendako informazioa ematea da. Horregatik, "egoera horiek dakarten arazo handiena larrialdi-sistema piloa aktibatu beharra da. Azken 30 egunak historikoak izaten dabiltza, prezipitazio-kopuruagatik; eta batez ere Debagoieneko kasua oso deigarria da".
Elur-kota, uste baino beherago
Euskalmet-ek eten barik eguneratzen du informazioa. Alde batetik, alerten sistema daukate; segun eta zelako egoera dagoen, alerta horia, laranja edo gorria eman dezakete. "Otsail baterako euri-kopuru historikoa da. Euskalmet-ek alerta laranja eman zuen, eta dagoeneko horrelako lau eman ditugu otsailean; hori kopuru izugarria da". Izan ere, alertak kontu handiz erabiltzen dituzte: "Alerta horiak sarri ematen ditugu; informazio soila da eta jendeak alertei beldurra gal diezaien nahi dugu. Baina laranjak ahalik eta gutxien ematen saiatzen gara. Eta gorriak, oso arrisku handiari dagozkionak, urte askoan behin-edo ematen dira, jendeak benetan kontuan har ditzan".
Astelehen gaueko egoera orokorra ikusita, Euskalmetek prezipitazioak iragarri zituen. "Horrekin bete-betean igarri genuen, baina gero, guk uste baino gehiago kontzentratu zen. Fronteak erdi-erdian harrapatu zituen lekuetan, prezipitazioak eten bakoak zirenean eta haizea baretu zenean, elur-kota asko jaitsi zen. Horregatik, guk uste baino askoz beherago etorri zen elur-kota".
Lekuz lekuko elurraren iragarpena egitea "ezinezkoa" dela dio Arandak: "Gasteizen, 15 zentimetro elur izan ziren; 5 kilometro mendebaldera ez zuen zuritu ere egin; baina 20 kilometro ekialdera, 30-40 zentimetro elur izan genituen. Horregatik, ez da komeni alerta orokorra ematea, larrialdi zerbitzu guztiak mobilizatzen ditugulako. Beraz, betetzeko aukera gehien dituen kota iragartzen dugu". Gaineratzen duenez, ematen duten elur-kotak elurrak zurituko dituen lekuak adierazten ditu; ez berez urtuko den elurra, "kasu horretan larrialdi zerbitzuek edo mantenimendu-zerbitzuek ez dutelako zer eginik".
Twitterren, azken ordukoak
Bestalde, egin duen iragarpena betetzen ez dabilela ikusten duenean, Euskalmet-ek Twitter sarea erabiltzen du informazio berria emateko, eta hura jarraitzeko animatzen du Jose Antonio Arandak: "Twitterren @euskalmet erabiltzen dugu; adibidez, nonbaiten zuritzen dabilenean eta kontuz gidatu behar denean; edo norbaitek argitaratzen dituen argazkiak zabaltzen ditugu, adibidez, Arrasaten elurra diharduen argazkiak, jendeak jakin dezan. Lehenengo egiaztatu egiten dugu eta gero hedatu egiten dugu. Zerbitzu hori publiko guztiarendako da, jakina, baina bereziki larrialdi zerbitzuendako; denak daude konektatuta".
