Zertara? Bertako egoiliarrak alaitzera eta irribarre polit bat ateratzera. Nagusilango boluntarioa da eta gitarra eskuan hartuta ehun emanalditik gora eskaintzen ditu urtero: "2003an hasi nintzen lan honetan eta dagoeneko ia 700 emanaldi egin ditut. Betidanik gustatu izan zait abestea eta gozatu egiten dut lan honekin", kontatu zigun Soroak martitzenean Iturbide egoitzan. Hark gozatu eta baita egoiliarrek ere. Soroak berehala ipini zituen dantzan arrasatearrak.
Lertxundi eta Leterekin ibilia
Orain zaharren egoitzetan dabilen arren, makina bat plaza eta taula zapaldutakoa da Soroa. "Jose Mari eta Mikel Usurbilgoak zen gure izena. Nire lagun Mikelekin herriz herri ibiltzen nintzen. Benito Lertxundi, Xabier Lete eta Pantxoa eta Pellorekin behin baino gehiagotan abestutakoa naiz".
Hizkuntzetan ere trebea
Gitarra jo eta abesteaz gain, lan ere gogor egin du Soroak bere bizitzan zehar. Sidras y Zumos Eva enpresa sortu zuen 1964an. Hizkuntzetan ere trebea da. Alemana, ingelesa, frantsesa, italiera, katalana, espainola eta euskara hitz egiten ditu. Kantuan ere batean edo bestean egiten du, baita portugesez ere, hala behar izanez gero.
Terapia bikaina
Soroak kontatu digu poztasun eta bitxikeria asko ematen dizkiola lan horrek: "Egoitza batean Errioxako kantuak abesteko eskatu zidan bikote batek. Nirekin batera gizona kantuan hasi zen. Emazteak orduan esan zidan gizonak dagoeneko hitzik ez zuela egiten, eta nirekin kantuan ikustea hunkigarria izan zen".