Sortu alderdiaren Borroka Ideologikoaren ardura Josu Lizarralde oñatiarrarena izango da

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko otsailaren 14a

Sortu eratzeko prozesua azken txanpan da. Oraingo astean egin dituzte herririk herri Ildo Politikoaren eta Antolaketaren inguruko emendakinak bozkatzeko batzarrak eta asteburuan finkatuta geratuko dira herri, herrialde eta nazio mailako Sorturen kargu guztiak. Kontseilu Nazionalean, gutxienez, debagoiendar bat izango da: Josu Lizarralde oñatiarra, gaur egungo Oñatiko Hirigintza zinegotzia (Bildu).

Borroka Ideologikoaren ardura izango du Sortu alderdian Lizarraldek. Eta kargu horretarako hautagai bakarra proposatu denez, otsailaren 23an Iruñean egingo den Kongresuan izendatuko dute Sortuko militanteek. Beste debagoiendar bat ere bada hautagaien artean, Kontseilu Nazionalerako, herrietako ordezkari moduan: Unai Berrostegieta. Debagoieneko Sortutik adierazi dutenez, Berrostegieta, Gasteizen jaioa da, baina urteak daramatza Bergaran. "Gazte mugimenduan ibili ondoren urteak egin ditu Ezker Abertzalearen egituretan lanean".

Esa bezala, haren izena ere Kontseilu Nazionalerako proposamenen artean dago eta aukeratua baldin bada, beste debagoiendar bat izango du Sorturen Kontseilu Nazionak. Kasu honetan, baina, 11 izen proposatu dira herrietatik eta 5 izango dira aukeratuak.

Arnaldo Otegi eta Pernando Barrena

Sortuk otsailaren 23an, zapatuan, Iruñean egingo du Sorrera Kongresua. Goizez, Baluarten batuko dira horretarako izendatutako militanteak eta Kontseilu Nazionaleko karguak aukeratuko dituzte. Naiz agerkari digitalaren arabera, Hasier Arnaiz gasteiztarra izendatuko dute alderdi berriko presidente; Idazkari Orokor, Arnaldo Otegi (nahiz eta espetxean dagoenez, kargua hutsik geratuko den oraingoz), eta bozeramaileen artean izango da Pernando Barrena.

Goizeko batzarraren ostean, arratsaldean, Anaitasuna kiroldegian, Ekitaldi Nazionala egingo da, 15:30etik hasita. Bertan, Sorturen "proiektua eta ordezkariak" aurkeztuko dira. Ekitaldi horretara joateko autobusak antolatu dituzte Debagoieneko herrietan. Izena eman daiteke, dagoeneko, "ohiko lekuetan".

Azken txanpa herrietan asteburuan

Esandako moduan, Ildo Politikoaren eta Antolaketaren inguruko emendakinak bozkatzeko batzarrak egin dituzte astean zehar Debagoienean ere, herririk herri, bailarako Sortuko ordezkariek adierazi dutenez. Hortaz, Sortu eratzeko prozesuan, herrietan "azken urratsa besterik ez da falta".

Modu "horizontalean"

Egubakoitzean eta zapatuan egingo dituzte hautagaiak aukeratzeko bozketak. "Horietara gonbidatuta dute beren burua ezker abertzalekotzat jotzen duten debagoiendar guztiak" esan dute. Eta gehitu dute: "iruditzen zaigu, Sorturen ordezkariak izango direnak oinarri sozial guztietakoek aukeratzea ariketa interesgarria izango dela". Era berean, azpimarratu dute "prozesu guztia modu horizontalean eta parte hartzean" egin dela eta "oso erantzun ona" jaso duela.

Tokiak eta orduak

Gure ibarrean, asteburu honetarako zehaztu diren batzarrak honakoak dira:

  • Bergara: Egubakoitza, 20:00, Irizar Jauregia.
  • Oñati: Zapatua, 09:30, Gaztelekua.
  • Aretxabaleta: Egubakoitza, 19:00, Elkartea.
  • Antzuola: Egubakoitza, 19:00, Olaran.
  • Elgeta: Egubakoitza, 19:00, Kultur Etxea.
  • Arrasaten eta Eskoriatzan oraindik konfirmatzeke dute, baina asteburuan egingo dira batzarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak