Gaur, eguena, arratsaldean fronte hotz bat sartzea espero da, baina, Arandaren esanetan, "horrek ez du prezipitazio askorik utziko".
Egubakoitzean nabarmen egingo du hobera. Ez hasieran: "Azkenaldian izan dugun frontearen hondar batzuk ikusiko ditugu egubakoitz goizean. Baina eguerditik aurrera, hobetzen hasiko da, eta arratsaldean, zeruak garbi izango dira".
Aste bukaera "polita" izango da: "Hiruzpalau egunean, oso eguraldi antiziklonikoa izango duzue Debagoienean, eta, seguruenik, behe-lainoak izango dituzue; bailara barrenean, baliteke izotza botatzea ere. Goizak fresko samarrak izango dira, baina, behe-lainoa kentzen denean, egun zoragarriak geratuko dira, 15ºC-ko tenperatura maximoekin; beraz, orokorrean, oso egun politak".
Horrek "martitzenera arte" iraungo duela uste du Euskalmet-eko arduradunak.
Edozein modutan, azken ordukoak edo iragarpenen zuzenketak jasotzeko, Twitterren jarraitzea gomendatzen du Jose Antonio Arandak: @euskalmet da euren kontua.
Eguraldiaren eta egunotako denboralearen gaineko kontu gehiago egubakoitzeko Goiena aldizkariko erreportajean izango duzue.