Sortu alderdia eratzeko azken txanpan

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko otsailaren 13a

Sortu alderdia eratzeko prozesua azken txanpan sartu da bultzagileek adierazi dutenez. Hala, herrietako batzarrak aste honetan amaituko dituzte. Astean zehar, herririk herri, ildo politikoari zein antolakuntzari egindako emendakinak aztertu eta bozkatuko dituzte.

"Hausnarketa parte hartzaile eta mamitsua" izan dela adierazi dute Sortu alderdiaren Debagoieneko bultzagileek, eta "emendakin ugari" izango dituztela bozkatzeko. Horiek guztiak Sorturen webgunean helbidean eskuratu daitezke. Bestalde, oraingo asteko batzar horietan herri, herrialde eta nazio mailan Sorturen hautagaiak zeintzuk izango diren ezagutzeko aukera izango dela aurreratu dute.

Ordezkariak aukeratzen

Asteko batzarren ostean, egubakoitz eta zapatuan, Sorturen herri, herrialde eta nazional mailako ordezkariak zeintzuk izango diren erabakiko dute, "guztion artean egingo ditugun barne hauteskundeetan". Bertara gonbidatuta daude "beren burua Ezker Abertzalekotzat duten herritar guztiak".

Sorrera kongresua 23an

Azkenik, Sorturen sorrera kongresua otsailaren 23an, zapatua, Iruñeko Baluarten egingo dute. Bertan "parte hartuko dute herrietan aukeratutako 500 ordezkariek, hainbat alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialek eta nazioartetik etorritako pertsonalitate ugarik".

Sortu sortzeko prozesua amaitzeko, 23an arratsaldean ekitaldi politikoa egingo da Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian. Bertara joateko deia egiten dute Debagoieneko ezkertiar eta abertzale guztiei, horretarako autobusak ere antolatuko dira herrietatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak