Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera, Osintxuko azken etxeetatik gertu izandako lurjausiaren ondorioz erabaki zuten lehen sarrera hura ixtea; horren ondorioz, autoak zein autobusak Soraluzetik gertuen dagoen sarreratik desbideratu zituzten Osintxura sartzeko.
Bestalde, Eskoriatzako bidegorrian izandako lurjausiari dagokionez, Herrizaingo Sailak jakitera eman du "bukatutzat" ematen dituztela garbiketa lanok.
Angiozar ere garbi
Goizaldean jardun dute lanean, berriz, Angiozarko lurjausia garbitzeko. Kasu horretan, harriak eta lurra jausi eta errepidearen errail biak kaltetu egin dira. 05:00etan ibili dira langileak ingurua garbitzen.
Eta garbi dago, baita ere, Antzuola eta Deskarga artean izandako lurjausia. Gatzagan, berriz, GI-627 errepidearen bide ertzean zuhaitz bat dago oker, eta haren egoera "baloratu" behar dutela jakinarazi dute Herrizaingo Sailetik.
Edozelan ere, eta kontuak kontu, une honetan inguruko errepide guztiak garbi daudela azpimarratu dute, eta atzokoarekin alderatuta gaurko egoera oso bestelakoa dela, eta lasaitasuna dela nagusi.