Deskarga eta Udana, berriz, zabalik daude, poliki ibiltzeko gomendioarekin, eta Elosua ere zabalik dago, baina kateak behar dira. Bestalde, Arantzazurako bidea ere zabaldu dute, elurra kentzeko makinak errepidea garbitu egin duelako.
Eskoriatzako argi etenari dagokionez, berriz, Iberdrolak jakinarazi du "aberia galanta" izan dela, eta 17:00ak arte, gutxienez, ezin izango dutela konpondu.
Bidegorria garbitzen
Inguruan izandako gertakarien artean, berriz, Aretxabaleta eta Eskoriatza arteko bidegorrian lurjausia gertatu da, eta horren ondorioz, bidea itxita izan da. Bada, dagoeneko garbiketa lanak egiten dabiltzala jakinarazi dute. Makina dago bertan, baita polizia ere. Eta txandaka dabiltza paso ematen.

Urkulu, gainezka
Behin elurrak urtzerako bidea hartuta, orain urarengan eta urak eragin ditzakeen uholdeengan dago jarrita arreta. Bada, momentuz gureko errekak bere ubidetik doaz, latera barik.
Gainezka dagoena, hori bai Urkuluko urtegia da. %100,88an dago une honetan, bere mailaren 333,14an. Eta beraz, ura botatzen dihardu, poliki-poliki, arrapala baten bitartez, berezkoa duen sistema baten bidez.
Edozelan ere, Urkulurena ez da berria. Joan den astean ere gainezka egin zuen-eta, Aretxabaletako urtegiak. Eta kasu hartan ere, berez bota zuen ura urtegiak, arrapalaren bitartez.