Erreken egoera dela-eta, protokoloa aktibatuta

Ubane Madera 2013ko otsailaren 12a

Euskadin, Segurtasun Sailak protokoloa aktibatu du, uholde arriskuari eragiten diona. Horren ondorioz, Debagoieneko udal guztiekin harremanetan jarri eta gutxieneko neurri batzuk hartzeko eskatu dute, adibidez, erreka bazterretatik autoak-eta erretiratzeko. Edozelan ere, Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera, "erreken maila igo egin den arren, ez dago arriskurik momentuz; gainera, abisu horian gaude, eta egoera hobetzen ari da". 

Uholdeen protokoloa aktibatzen dutenean bi dira, bereziki, jarraitu beharreko gomendioak Segurtasun Sailaren arabera: erreka bazterrean dauden ibilgailuak erretiratu eta erreka ondoetan dauden txaboletan ez ibili. Horrekin batera, tokian tokiko udaltzaingoen betebeharra izango da erreken egoera zaintzea, eta horretan dihardute une honetan. 

Eguraldia, hobetzen

Dena den, esandako moduan, momentuz ez dago kezkatzeko arrazoirik. Gainera, Euskalmeten arabera, "arratsaldean atertzeko joera hartuko du apurka-apurka. Elur-kota igo egingo da eta 500 m inguruan hasita, arratsaldean eta gauean 800-1000 m inguruan kokatuko da".  

Bihar euria, baina gutxiago

Bestalde, Euskalmeten arabera, bihar euria egingo du berriro baina, "euri txikia izango da eta elurra tontor altuenetan baino ez du egingo. Euria goizean zehar egingo du batez ere eta arratsaldean kantauri isurialdean euria egingo du soilik. Elur-maila 800-1000 m-tik 1500 m-ra igoko da. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, goizean bolada gogorren batekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura maximoek apur bat egingo dute gora".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak