Aratuste-martitzena ere gozamen iturri

Goiatz Arana Begiristain 2013ko otsailaren 12a

Asteburuko ajea gainditu ostean, oraindik ere Aratusteetarako gogoz dagoenak gaur, martitzena, izango du azken aukera; hainbat herritan izango dira ospakizunak. Aratuste-martitzena ospatzekoak ziren Eskoriatzan ere, baina ekintza denak bertan behera utzi dituzte, goiz erdian Udaletik jakitera eman dutenez.

Txikienen txanda Arrasaten, Aratusteetako azken trakan

Arrasaten, gaur egingo dute Aratuste-ospakizuna Arizmendi Ikastolan (Arrasate Herri  eskolan egubakoitzean egin zuten); Haur Hezkuntzakoek eta Lehen Hezkuntzakoek ikuskizun ezberdinak eskainiko dituzte bazkalostean.

Baina Aratuste-ospakizuna ez da ikastetxeetara mugatuko, Herriko plaza eta kaleetara ere zabalduko da: 17:00etan, mozorro desfilea izango da Herriko plazan, eta Hipo eta Tomax pailazoek Dinbi Danba antzezlana eskainiko dute Amaia antzokian; 17:30ean, Samasiku txarangaren animazioa herriko kaleetan zehar; 18:30ean, Debagoieneko XIII. Jardunaldi Gastronomikoen aurkezpena Seber Altube plazan eta pintxo dastatzea jardunaldietako jatetxeen eskutik; 19:30ean eta 22:30ean, Egan taldearekin dantzaldia Herriko plazan; eta 21:00etan, Sardinaren hileta (segizioa 20:30ean abiatuko da Zerrajeratik eta, erdialdeko kaleetatik ibili ondoren, Herriko plazan bukatuko da desfilea, sardina bertan erretzeko). Sardina erreta, datorren urtera arte agur esango diete Aratusteei.

Sardinaren hileta iaz, Arrasaten.

Umeentzako jai eguna Aretxabaletan

Aretxabaletan ere umeendako jai eguna da Aratuste-martitzena; hain justu, 2 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoendako. Goizean, urteroko jaialdia egingo dute Arizmendiko Basabeazpi eta Almen, Kurtzebarri eta Pausokako haurrek.

Eguraldiak laguntzen badu, 10:30ean, plazan elkartuko dira Arizmendiko Basabeazpi eta Almen, Kurtzebarri eta Pausokako haurrak; 500 ume inguru. Besteak beste, 2 urteko haurtxoek Mugi-mugi ipurdi dantza egingo dute, eta 5 urtekoek, txino dantza. Jarraian, Ustekabe txarangarekin kalejira egingo dute Ilargi plazaraino; txoripana izango dute han jateko gertu.

Baina eguraldi aurreikuspenak direla-eta, badaezpada, ordezko plana ere gertatu dute ikastetxekoek. Kasu horretan, Pausokakoak izan ezik, gainerako beste neska-mutiko guztiak Iturrigorri pilotalekuan elkartuko dira; ekintza guztiak han egingo dituzte. 

Ekintzak ez dira hor amaituko. Arratsaldean, 16:00etan, Ustekabe txarangak dantzaldia eskainiko du ostera, plazan; eta 17:30ean, kalejira egingo dute buruhandiekin batera. 20:00etan, ostera, Txinen hilketa izango da. Ohiturari jarraituz, Santa Ageda neska-mutilek zerraldoa eramango dute Mitarte kaletik Herriko plazaraino. Hara joaten diren aretxabaletarrei lutoz jantzita joatea eta kandela eroatea gomendatzen zaie.

Aretxabaletako ikastetxeetako umeak mozorroa jantzita, iaz.

Oñatin, pailazoen ikuskizuna, txokolatada solidarioa, txorimaloak eta erromeria

Arratsaldeko 17:00etan da aurreneko hitzordua, gaztelekuan; Kiki, Koko eta Moko pailazoek Natura gara izeneko ikuskizuna eskainiko dute. Istorio honetan, basoko iratxoak oso izuturik daude, aztoratuta eta haserre, ikusirik "gure planetako gauzarik baliotsuena, naturaren bizia, suntsitzen eta birrintzen ari dela". Baina dantza, barre, abesti, zuzeneko musika, malabare eta abarren bitartez, denek elkarrekin ospatuko dute azkenean, "naturaren biziaren garaipena"; hain zuzen, erakutsiko dutelako "natura garela". Ikuskizunerako sarrera doan izango da.

18:00etan izango da hurrengo hitzordua; Oñatiko Elizbarrutiko Misio Taldeak antolatuta txokolatada solidarioa egingo da plazan, txokolatea eta gailetak bi eurotan. Dirua izango da Maliko proiekturako, jatekoa erosteko –beharra dago, uzte txarren ondorioz–.

Arratsaldeko 18:30ean, berriz, txorimaloen txanda izango da, kalez kale ibiliko dira, eta iluntze osoan, 18:00etan hasi eta 21:30era arte, erromeria ere egongo da, Alaiki taldearen eskutik.

Gaztetxean ere izango da Aratuste-ospakizunik: mozorro desfilea egingo dute iluntzean gaztetxean: arratsaldean mozorrotzeko eta bakoitzak etxetik eramandako jantziak elkarbanatzeko elkartuko dira gaztetxean; 20:00etan mozorroen desfilea egingo dute; eta ondoren, festa.

Familia bat mozorrotuta, iaz, Oñatin.

Antzuolan, gazte eta nagusien txanda

Eta Antzuolan, gazte eta nagusientzako gozamen iturri izango da Aratuste-martitzena. Elkartean egingo dute mozorro festa; 17:00etan, mozorro merienda eta kina egingo dute, festa giroan.

Gisa honetako argazkiak utziko dizkigute gaur Antzuolako erretiratuek.

Eta herriko umeek ere izango dute gozatzeko aukera: Antzuolako guraso talde batek antolatuta, Olarango beheko aretoan, umeentzako tailerrak izango dira, 17:30etik aurrera; aurpegia margotu eta askotariko tailerretan gozatzeko aukera izango dute.

Bergaran, San Martin Herri eskolakoen eguna

Bergaran, San Martin Herri Eskolako neska-mutikoen txanda izango da gaur (Aranzadikoek eta Mariaren Lagundikoek egubakoitzean ospatu zituzte Aratusteak).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak