Zuhaitzak jausita eta kamioiak gurutzatuta, Debagoieneko errepideetan

Ubane Madera 2013ko otsailaren 12a

Elurteak arazoak eragiten dihardu Debagoieneko errepide eta kaleetan. Bergaratik Arrasaterako noranzkoan, Elorregi eta Epele artean zuhaitza jausi egin da errepide bazterrera; Arrasatetik Oñatira bidean, Elorregitik aurrera zuhaitz bi jausi dira eta bi kamioi gurutzatuta daude. 45 minutu behar da Oñatira iristeko. Bestalde, Arrasaten (Umezaintzan, berogailu barik baita ere) eta Aretxabaletan (Basabe industrialdean), zenbait gunetan argia joan egin da. Bestalde, Arrasatetik Aramaiora bidean ere arazoak daude errepidean, zuhaitzak erori dira-eta errepidera.

Bergaratik Arrasaterako noranzkoari dagokionez, Diputazioko langileek aitzurkadaka zuhaitza moztu, eta errepidetik erretiratu egin dute; azken ordukoa da, beraz, bidea oztopoz garbi dagoela. Hori bai, zirkulazioa motel-motel dabil, elurraren eraginez. 

Edozelan ere, auto eta kamioiak badabiltza joan-etorrian, eta zirkulazioa, momentuz, ez da eten.

Elurra Elgetan, goiz-goiz.

Elgetatik, jaitsi ezinda

Goi-aldetan, baina, egoera bestelakoa da. Elgetatik, adibidez, abisatu dute jaitsi ezinda dabiltzala. Arantzeta auzora iristeko zailtasun handiak daude, auto mordoa inguruan geldi daudelako.

Arazoak Oñatin

Oñatin arazo handiak sortu ditu elurrak; batetik, garraio publikoa hara ailegatu ezinda ibili da eta erabiltzaileak orduak eman dituzte zain. Udal langileak dabiltza elurra kaletik kentzen eta makina ere ibili da, baina espaloi asko garbitu barik daude eta harlosak elurrarekin daudelarik, oinezkoak errepidetik.

Elurra kentzeko makina Oñatin, goizean goiz.

Arantzazun, 23 zentimetro

Arantzazutik, berriz, Pello Zabalak jakinarazi du "kolpera" egin duela elurra gauean. Horren ondorioz, errepideak itxita daude, ibilgailuak ibili ezinda, eta beraz, erabat isolatuta. 22-23 bat zentimetro daude orain. Hori bai, Arantzazuko eguraldi gizonak esan du "momentuko" kontua izango dela, goizean goizeko elurte hau. 

Eskola barik, Huhezin

Eten egin dituztenak dira Mondragon Unibertsitateko Huheziko eskolak. Iragarri dutenez, ez Eskoriatzako eta ezta Aretxabaletako campusean ere, gaur ez dituzte eskolarik emango. Ez goizez ez eta arratsaldez ere. Egun osoan, hortaz, bertan behera eskolak gaur Huhezin.

Kaleak, itxita eta arriskutsu

Bestalde, herri barruetan ibiltzea ere arriskutsua da. Arrasaten, espaloi gehienak elurtuta daude, ibiltzeko zailtasun handiekin. Eta Bergaran, adibidez, Arrizuriagako aldapa itxi egin behar izan dute. 

Elorregin auto pilaketak

Oñatitik Elorregira bidean zuhaitzak erori dira errepidera, eta auto pilaketak izan dira. Langileak ari ziren errepidea garbitzen.

Oñati eta Elorregi arteko errepdea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak