1. Zer gertatzen da diskoari izenburua ematen dioten zazpi kantoi horietan?
Denbora; bizpahiru urte. Azken urteetako laburpen bat da; gertatu ez da askorik gertatzen, kontu eta kanta batzuk kontatzen dira, beste barik.
2. Laugarren diskoa izanda, nabari da talde moduan esperientzia?
Bai, lanean igartzen da. Bide bat egiten duzunean, lan egiteko modu bat hartzen duzu, eta horrelaxe egin dugu lan hau: esperientziarekin eta ideia berriekin.
3. Gatiburen ezaugarri bat letra zuzenak dira. Bilatutakoa da hori?
Bai, bai letretan eta baita abestietan ere; ez dira konplikatuak. Beti da zaila ideia sinple bat aurrera ateratzea; hori da gatzena. Zorionez disko honetan lortu dugu abestiak sinpleak eta era berean zuzenak izatea.
4. Hogei urte beteko dira Exkixurekin lehen diskotik. Orduan eta orain, berdin bizi duzu musika?
Esperientziak nolabaiteko arrastoa ematen dizu; badakizu beste era baten mugitzen. Baina bestalde ilusioa, urduritasuna, gogoa... horiek berdinak dira lehenengo eta azken diskoan; gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzen zara.
5. Agertokiko mugimenduak, ispilu aurrean entseatutakoak dira?
Ez! Beti egin dut berdin dantza.Baita kalean ere, abesten hasi aurretik; eta mantendu egin dut.
6. Gatibu, Ken Zazpi, Audience... Zer ematen dizuete Gernikan horrelako arrakasta izateko? Badira beste batzuk ere: The Riff Truckers, Sarkor... Beti egon da gogoa eta ilusioa musika egiteko eta gazteak, zorionez, aspaldiko partez bizi dabiltza; gogoarekin. Gogoarekin beti irteten du lanak. 7. Hainbeste gipuzkoar bizkaieraz abesten jarrita, zer sentitzen da? Emozioa, duda barik. Ez genuen espero Gipuzkoan ere hainbeste zale izatea. Guretzat sekulakoa da bizkaieraz abestuta Gipuzkoan onartzea. 8. Musikaria bazara, derrigorra da gautxori puntu bat izatea? Bai. Rock-and-rolla bizitzeko modu bat da: gaua exijitzen du, etxetik kanpo ibiltzea eta beste lan guztien kontrara ibiltzea; besteek jai dutenean, norberak beharra egitea. Baina gustura sentitzen gara bizitzeko era horretan. 9. 50ak ez dituzu hain urrun. Barre, negar edo berdin zaizu? Egunetik egunera bizi behar da. 20 urterekin edo 60rekin bizitza ahalik eta ondoen eroan behar da, ahalik eta arazo gutxienekin. Bizitza gozatu egin behar da, eta ahal bada norberak nahi duena egin. 10. Zeren gatibu zara zu? Bizitzarena. Gatibuk esklabo esan nahi du, baita preso ere; bizitzaren gatibu izateak gauza onak ditu, baina beste batzuek esklabo bihurtzen gaituzte. ----------------- Makila magikoa baneuka: "Mundu guztia euskaraz ipiniko nuke posible balitz behintzat; euskara ez dadila guretzako bakarrik izan. Beste hizkuntza batzuek duten bezala, zabaltasuna izan dezala munduan leku bat izan dezan".