Aldez aurreko salmenta "betidanik" egin izan dela esaten du Oñatiko Eroski Bidaiak agentziako arduradunak, Marisa Unzuetak; baina "urtetik urtera, jendea lehenago hasten da" agentziara joaten.
Dena dela, ez dadila inor larritu: badago gauzak lasai planifikatzeko astia. Oraindik otsail hasieran gauden honetan, Benidormen norberaren aukerako hotelean logela librea topatzea uste baino zailagoa izan daiteke, baina aukera oso zabala da. Hori bai, leku jakin bat baino gehiago prezio onaren bila doanak ondo egingo du galdetzera joaten. Horixe da, hain zuzen, oporraldiak goiz erreserbatzeko arrazoi nagusia.
"Aldea dagoen, oporraldi bera orain edo momentuan hartu? Bai, badago. Orain dela 15 egun lotu nuen bidaia bat, Gran Canaria uhartera, hiriburura, eta 15 egunerako bi lagunendako egonaldia 1.600 euro inguruan lortu genuen. Bada, bai, merezi du goiz ibiltzea. Bestalde, prezioak desberdinak dira irlaren arabera: ez da gauza bera Menorcara joatea, Mallorcara joatea edo beste uharteren batera joatea", esaten du Marisa Unzuetak.
Alde horren zergatia hau da: "Oraindik iazko prezioak, gehi deskontu bereziak ditugu. Gero, aurtengo prezioak izango ditugu, eguneratuak; deskontuekin, horiek ere, baina aurtengoak", esaten du Oñatiko Eroski Bidaiak agentziako arduradunak.
Arrasate Bidaiak agentziako Amanda Sanchezek ere baiezko borobila ematen du, jendea galdezka eta erreserbak egiten hasia den galdetuta; gainera, Arrasatek duen hirugarren oporraldi garaia gehituta: "Bai, bai, hasi gara. Orain bertan, Aste Santurako, sanjuanetarako eta udarako begira dabiltzanak ditugu". Gehienak Aste Santuko plana egitera joaten badira ere, "abuztuko prezioez galdetzen" ere joaten hasiak dira arrasatearrak.
Amanda Sanchezek dioenez, seme-alaba txikiak dituztenei interesatzen zaie bereziki goiz ibiltzea: "Oporraldi askok umeak doan joateko kupoak dituzte, eta zenbat eta lehenago ibili, orduan eta aukera handiagoak dituzu kupoan sartzeko". Horrez gain, "ohiko deskontuak" ere badituztela esaten digu. Eta, hain zuzen, deskontu horiek erakarrita doaz bezero gehienak: "Ez dakit nola ibiliko garen geroago, zenbateko mugimendua izango dugun, baina aurten inoiz baino lehenago dator jendea oporrak hartzera; eta arrazoia horixe da, deskontu onak daudela".
Prezio diferentzia kontuan hartzeko modukoa dela diosku Arrasate Bidaiak agentziakoak: "%10eko deskontua eduki dezakezu; eta umeak doan joateko kupoarekin, akaso 200 euro gutxiago ordaindu ditzakezu. Horri deskontuak gehitu behar zaizkio. Beraz, oro har, bai, merezi du goiz ibiltzea, batez ere familia osoarendako bidaia baldin bada", gomendatzen du.
Beste batzuek, ordea, garaia gertuago egon arte itxoingo dute, Bergarako Barcelo bidaia agentziako Alainek dioen moduan: "Aldez aurreko erosketa baten deskontua dago, baina beharbada urte baten ez da asko saltzen, eta gero, azken orduko deskontuak daude".
Udako oporraldia orain hartzen duenak kontuan hartu behar du zenbait xehetasun lotu barik geratuko direla: adibidez, hegaldia hartzen badu, ordua aldatu egin daiteke hemendik hegaldiaren egunera arte. Aldaketa horiek denak agentziarekin konfirmatu behar ditu norberak bidaiatu baino aste bete inguru lehenago.
Leku exotiko berriak
Lekuari dagokionez, jendearen preferentziak ohiko bideetatik doaz: Kanariar eta Balear Uharteak aukeratu dituzte udarako debagoiendar askok, helmuga klasiko horiek sasoi onean jarraitzen duten erakusle.
Beste betiko hit batzuk ere badaude: Ameriketako Estatu Batuak aipatzen ditu Unzuetak.
Eskaintza exotikoak dira aurten aldatu direnak: "Aukera berri gisa, Armenia, Uzbekistan eta inguruko beste herrialde batzuk ditugu. Iazko udan hasi ziren poliki-poliki horiek agertzen, eta aurten ere izango ditugu. Ezohiko helmugak dira. Gero eta gehiago modan dagoen beste herrialde bat Dubai da", azaltzen du Eroski Bidaietako langileak. Horiek hartu dute Egipto eta, neurri txikiagoan, Siriaren lekukoa aurten, herrialde horietako giro politiko nahasiaren kontura.
Arrasate Bidaiak agentziak dioskunez, Aste Santura begira "gehienbat, momentuz Kanarietarako gabiltza saltzen. Penintsulan ere bai, turismoa egiteko bidaiak. Europa gutxiago gabiltza saltzen, eta hortik kanpora, gero eta gutxiago. Lehen, Punta Cana, Mexiko… izaten ziren oso eskatuak, baina orain gehienak Kanarietara, Benidormera, Saloura…" Aste Santuan bidaiatzeko, "lau eguntxorako, orain jende asko Madrilera, Bartzelonara… joaten da. Europako beste helmuga batzuez ere galdetzen dute, baina azkenean gehienak hemen gelditzen dira", esaten du Amanda Sanchezek.
Bergarako Barcelo agentziako Alaine ere Kanarietara oporraldiak dabil saltzen batik bat Aste Santurako. "Aste Santuko ohiko oporraldia da Kanarietan aste bete edo Europako hiribururen batera bidaia", esaten digu.
Kontuan hartu behar dira ere aire-garraio konpainien politika aldakorrak. Izan ere, goi-denboraldian, hegaldi bereziak antolatzen dituzte handizkako saltzaile batzuek: Marisa Unzuetak dioskunez, "Pragara eta Istanbulera hegaldi zuzenak daude Loiutik; Greziarako ere, iaz egon ziren, ea aurten ere badauden". Amanda Sanchezek gaineratzen duenez, handizkako salmenta-enpresek "hegazkinen bat fletatzen dute goi-denboraldian, charter hegaldiak bete baldin badira, zerbait gehiago saltzeko asmotan".
Bidaiari uko egin barik
Urterik urte, sendotzen doa bidaiak kontratatzeko modu berri bat. Marisa Unzuetaren esanetan, "lehen paketeak saltzen ziren, eta orain, jendeak gurago du gauza solteak kontratatzea". Bere hitzetan, "lehen, martxoan edo apiril hasieran hartzen ziren udako bidaiak, eta orain, asko aurreratu da. Gainera, orain jendeak gehiago begiratzen du dena: lehen urtean lau aldiz joaten zena orain bi aldiz joango da; lehen 15 egunerako zihoana, orain zortzi edo hamarrerako; lau izarretako hotela hartu beharrean, hirukoa hartuko du… Krisia igartzen da, dudarik ez, baina jendeak oraindik bidaiatzen du; ahal duen neurrian, ez die oporrei uko egiten".
Arrasate Bidaiak agentziako Amanda Sanchezen iritziz, "badago urteko oporraldi guztietan irteten den jendea: Aste Santuak, sanjuanak eta uda. Baina, gehienbat, bidaia bat egiteko asmoa dutenak etortzen dira, eta udako bidaia izaten da hori".
-----------------
Lotura-hegaldiak, Loiuren motorra
Loiuko aireportuko trafikoa %3,1 handitu zen 2012. urtean barrena, eta 4.171.092 bidaiari pasa ziren bertatik. Nazioarteko hegaldiek %14,5 bidaiari gehiago izan zituzten, zuzeneko hegaldi berriei esker; tartean, Venezia, Istanbul eta Pragara ohiko errutak daude. Hala, lotura-hegaldiak izan ziren Loiuren iazko motorra beste behin. Aurten, Alitalia enpresa italiarrak berriz emango du Loiun zerbitzua: martxoaren 27an, Erromara hegaldia emango du. Norwegian konpainia lehenengoz abiatuko da Loiutik, Oslora, hain zuzen; eta Easyjet konpainiak Lisboara eta Vueling-ek Atenasera eta Fuerteventurara lotura-hegaldiak emango dituzte Loiutik.
-----------------
Hainbat herrialde, hainbat gomendio
Egipto: Port Said, Suez eta Ismalian Larrialdi Estatua dekretatu du Egiptoko Gobernuak. Bestalde, Espainiako Kanpo Ministerioak biziki gomendatzen du agerraldiak eta ekintza biolentoak izan diren lekuetara ez joatea: El Cairo, Heliopolis presidentzia-jauregia, Tahrir plaza eta beste inguru batzuk. Sinai Gobernoratura ere ez joatea gomendatzen dute.
Siria: "Edozein egoera edo arrazoi" dela ere, Siriara ez bidaiatzea aholkatzen du Espainiako Kanpo Ministerioak.
Mexiko: "Segurtasun falta egoera" antzematen du Kanpo Ministerioak, "batez ere, baina ez bakarrik" iparraldeko estatuetan, eta segurtasun gomendioak arretaz jarraitzeko eskatzen du. Bestalde, azaroaren 9an migrazio-lege berria sartu zen indarrean Mexikon, eta hura kontsultatzea gomendatzen da.
AEB: Hiri handietako auzo arriskutsuak zerrendatuta daude Kanpo Ministerioaren webgunean. Bestalde, AEBetan osasun zerbitzuak "bikainak" direla esaten duen arren, normalean pribatuak direla gogorarazten da, eta beraz, bidaiatu aurretik aldi baterako aseguru medikua hartzea gomendatzen du Kanpo Ministerioak.
Txekiar Errepublika: Bitxikeria bat: berdeguneak bisitatu aurretik, garrapataren aurkako txertoa hartzea gomendatzen da. Txekiar gehienek hartuta ei dute txertoa. Antidotoak ere badaude.
Suedia: Europako osasun-txartela ez duenari 240 euro kobratzen diote, batez beste, ospitale publikoek kontsulta egiteagatik.
