Inflazioaren eragina kendu ahal izango dute enpresek euren kontuetan

Leire Kortabarria 2013ko otsailaren 7a

Enpresek haien aktiboen balio kontablea errealitatean duten baliora gerturatu ahal izango dute, inflazioaren eragina ezabatuaz, hala nahi badute beti ere. Oraindik iazko kontuak formulatzen dabiltzan enpresek horrela aurkeztu ahal izango dituzte, abenduaren 31rako atzera-eraginkortasuna dauka-eta arauak.

Aste honetako Diputatuen Kontseiluak dekretu bidez erabaki du eguneratze mekanismo hori martxan jartzea, eta eguaztenean eman zuen erabaki horren berri. Azalpen hau eman zuen: "Eguneratzearen bidez, enpresek euren balantzeen argazkia hobetu egiten dute egoera zail honetan, eta finantzazioa lortzeko aukera hobeak dituzte, balantze sendoago baten bidez, finantza-merkatuetara baldintza hobeetan iritsi ahal izateko".

Modu honetan, "balantzeek modu zuzenagoan adieraziko dute enpresen aktiboen balorazioa", Diputazioaren iritziz. Hori egiteko, eguneratzen den balioarengatik %5eko zerga tasa ordaindu beharko dute.

Inguruko enpresen berdin

Berez, neurri hau aurrerago hartzeko asmoa zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, hil batzuk geroago, Sozietate Zergaren erreformarekin batera. "Azkenean, kontuan hartuta beste lurraldeetan eta estatuan onartu egin dutela, Gipuzkoan ere orain aplikatzeko erabakia hartu du Aldundiak, Gipuzkoako enpresek besteekin batera eguneratzeko aukera bera izan dezaten. Modu honetan zenbait arazo saihestuko dira enpresa batzuetan", esan du Gipuzkoako foru aginteak.

Eguneratzearen data 2012ko abenduaren 31 izango da. Enpresak oraindik haien kontuak formulatzen ari dira. Hau da, enpresek joan den urteko diru kontuak ixteko hil batzuk badituzte oraindik eta nahi duenak badu eguneraketa egiteko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak