Ertzaintzak emandako informazioaren arabera, Oñatiko istripuak zirkulazioari ez dio eragiten, nahiz eta gomendioa den poliki ibiltzea inguruan, bereziki orain, bertan garabia lanean dagoela kontuan hartuta.
Kablea, errepidetik metro batera
Angiozarren, berriz, argindarraren postearekin batera, lurrak argindar kablea ere bere lekutik atera eta zintzilik geratu da, "errepidetik metro batera"; huraxe erretiratzen eta postea bere lekuan jartzen dihardute Iberdolakoek. Edozelan ere, gertakariak errepidean ez duela eraginik izan azpimarratu dute.
Prezipitazio ugaria
Ikusten denez, beraz, atzo geroztik iragartzen diharduten frontea dagoeneko gurean da, eta hasi da ondorioak lagatzen.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, gainera, arretaz ibili beharko dugu datozen egunotan, bereziki gaur, prezipitazio ugaria espero delako, zenbait kasutan elur eran. "Zaparradak botako ditu maiz eta prezipitazioa ugaria izango da; goizean elur-kota 600-800 m artean egongo da eta gauean 500 m-ra jaitsiko da. Noizbehinka trumoi-ekaitzak joko du eta txingorra botako du. Haizea ere hizpide izango dugu, izan ere bolada oso gogorrak espero dira kostaldean eta Ebro haranean, batez ere". Horixe da Euskalmetek gaurko egin duen iragarpena.
Biharko, berriz, prezipitazioen gutxitzea, baina tenperaturen mantentzea iragarri dute, eta orokorrean "giroa oso hotza" izango dela jakinarazi dute.