Txema Fernandez: "Ez zegoen politikarik Udalean, orduan ez genuen ezta mozio politikorik aurkezten ere"

Mirari Altube Arrese 2013ko otsailaren 6a

Txema Fernandez (Aretxabaleta 1959), Leintz Gatzagan zinegotzi izan zen 1995tik 1999ra. Hirigintza Saileko zinegotzi izan zen. Guztira, lau zinegotzi eta alkatea ziren, eta gainera. batek dimititu egin zuen ,eta lau geratu ziren. Laurok egin behar izan zuten, beraz, gaur egun zazpi lagunen artean egiten dutena: 

Lan asko izaten zenuten?

Mordoa. Ordu mordoa sartzen genituen. Zerbitzuetan ere ez zegoen inor, bakarrik Pequeño zegoen, gizon nagusi bat. Eta elurra egiten zuen bakoitzean, adibidez, hiru egunez inkomunikatuta geratzen ginen, eta Pequeño traktorearekin eta neu berarekin, ibiltzen ginen hiru egunez 08:00etatik 20:00ak arte bideak garbitzen. Jaiak herritarrekin antolatu behar genituen… gogoan dut zela behin Felix Iñurrategi ibili zen taula muntatzen.  

Denetik egin beharra zegoen…

Bai, nire sasoian Hirigintza esanez gero, barre egiten zuen jendeak: Zer egiten duzu Gatzagan Hirigintzan? Ba sasoi hartan Gatz museoa egin zen, plaza ingurua bukatu zen eta Gaztainuzketako etxeak egin ziren. Dirua zegoen. Otsoa eta biok Diputaziora joaten ginen, eskatzera. Leku guztietan ezagutzen gintuzten.

Orduan egiten zena zen enpresak sortu dirua eskuratzeko, gero haiek Udalean eragin positiboa izan zezaten. Gaztainuzketaren kasuan, alokatu, eta dirua Udalera bueltatzen da, baita herriko garajeen edo ehiza postuen kasuan ere… Dirua zertan gastatzen edo inbertitzen den ikusi egiten da Leintz Gatzagan. 

Zelako giroa zegoen udaletxean?

Ona, ez zegoen arazorik. Taldea egiten zen, ez zegoen politikarik. Orduan ez genuen ezta mozio politikorik aurkezten ere, adibidez. Nik uste dut galdu egin dela herriaren izpiritua. Lehen herriaren aldeko lana besterik ez zen.

Interes pertsonalik bazen?

Batere ez. Are gehiago, kasu batzuetan dirua galdu ere egiten genuen, ze batzar asko Arrasaten egiten ziren eta ez genuen dietarik pasatzen, eta dirurik ere ez genuen kobratzen. Gainera, erabaki batzuen ondorioz, herritar batzuekin haserreak ere sortzen ziren. Adibidez, nire kasuan urak ekarri behar ziren, eta hori egiteko lursail partikularretatik pasa behar zen, eta lur-jabeek espero zuten konpentsazioa eta Diputazioak ematen zuena, ez zetorren bat; Udala erdian zegoen, eta azkenean jendeak albokoaren kontra egiten du. Desatsegina ere bada, ze trago bat hartzen duzun guztietan bakoitzak bere arazoei buruz berba egiten dizu. Politika egiteko oso modu zuzena da.

Ze obrarekin geratuko zinen?

Gaztainuzketarekin. Gatz museoa oso ondo egon zen, baina plazarena ez: guztia eginda zegoen aldez aurretik. Eta nire ustez txarto egin zen: material eskasa, itoginak zeuden, boladizoa berreraiki egin behar izan zen…

Zer egin ez izanak ematen dizu pena?

Urak ekarri genituenean, Euskaltelek esan zigun beste obra zibil bat eginez gero, zuntz optikoa ekarriko zuela. Guztia egin arren, gero Euskaltelek ez zuen aurrera egin. Eta pena da, ze Gatzagako teilatuak antenaz beteta daude, eta Erdi Aroko herri bat horrela izateak pena ematen du. Guztiondako antena bakarra eraikitzeko ideia ere izan zen, baina… 

Kuriosoa da Udaletik pasatu zareten guztien artean inork errepikatu ez izana Otsoak izan ezik…

Bai, nire aldetik kunplitu dut. Eta ez nintzateke berriro ere sartuko, baina aho txikiarekin esaten dut hori. Orain ez daukat denborarik. Esperientzia moduan ondo dago, baina denbora asko kentzen dizu, eta inork ez du eskertzen, gainera. Atari handi bateko burua izango bazina moduan da. 

Hala ere, gomendatuko zenuke udal batetik pasatzea?

Bai. Beste ikuspuntu batekin begiratzen duzu gero. Lan hori gehiago errespetatzen duzu.

Zer ikasi duzu lau urte horietan?

Udala bera ezagutu, eta baita herritarrak ere. Orduan ez nuen herria bere osotasunean ezagutzen, eta herri txiki guztietan moduan, azpiko istorio asko daude: maniak, herritarren arteko urteotako gorrotoak… Herri txiki batek handi batek besteko arazoak ditu, baina errazago ikusten dira, gertuago daudelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak