4.840 metroko luzera izango du Beasain-Bergara korridorearen azken zatiak, Deskarga eta Bergarako Benta Berri auzoa artekoak. Norabide bakoitzerako bi errai izango ditu, Bergarako ekialdeko saihesbidearen hasierara arte. Hor egongo da kokatuta Bergarako lotunea, herrira sartu, Gi-627 errepidera batu edo Ap-1 autobidetik jarraitzeko aukera emango duena. Bergara eta Antzuola artean errepidea Deskarga ibaiaren bi aldeetatik joango da hasieran eta ibaiaren ezkerretik behin Antzuola izeneko zubibidea pasata. Hilerriaren eta futbol zelaiaren artetik pasata, Antzuolako lotunea igaro eta gaur egun egiten ari diren Deskarga arteko zatiarekin egiten du bat bideak.
Bost zubibide izango ditu tarte horretan, luzeena Antigua, 270 metrokoa, eta errepideak % 5eko malda izango du. Hori dela-eta, larrialdiko bi frenatoki jarriko dituzte. Proiektuaren arabera, obrek erasandako baserrien sarbideak berritu egingo dituzte eta 1.000 metroko bidegorria berregin, Bergarako lotunetik Aristi Berri baserrirainokoa. Lanak hasi dituzte ofizialki, nahiz eta eguraldia hobetzera itxaron beharko duten makinak sartzeko. 25 hilabeteko da amaitzeko epea. Obraren garrantzia nabarmendu du Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak aurkezpenean: Gipuzkoarentzat, "eskualde desberdinak lotzen dituelako", eta Euskal Herriarentzat, "herrialdeak bertebratzen dituelako".
Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako diputatuak, berriz, goraipatu ditu obra honen lizitaziorako pleguak, esan duenez sindikatuekin hitzartuak eta Euskal Herriko obra publikoan historikoak, errepidean lanean ariko direnen baldintzak –Gipuzkoako lan hitzarmenaren araberakoak– bermatuko omen dituztenak; orain arte ez ei zegoen lan baldintza horiek betetzea bermatuko zuen "tresna juridikorik". Zentzu honetan diputazioa Foru Arau bat prestatzen ari dela ere adierazi du Ugartek.
Bestalde, aldundiak adostu zuen Beasain-Bergara korridorearen azken zatiko lanak egingo dituen eta Moyuak eta Antzibarrek osatzen duten aldi baterako enpresarekin ohikoez gain obretarako langile gehiagoren beharra izanez gero eskualdeko langabeei ematea lehentasuna. Izena emateko epea amaituta, Bergaran 300dik gora lagun apuntatu dira, 170 baino gehiago Bergaran erroldatuak, Antzuolan, berriz, 50, 37 herrikoak bertakoak.