Gaur ateak zabaldu eta domekara, ikusgai izango da musika argazki erakusketa kolektiboa, musikazuzenean.com atari digitaleko kideen –argazkilariak, afizioz– lanez osatua. 2011 eta 2012 urteetan zuzeneko kontzertuetan ateratako 40 argazki, 20 argazkilarirenak; tartean daude, adibidez, Josu Txintxurreta eta Arnaitz Eraso debagoiendarrak. Erakusketa interaktiboa da, audio gune eta guzti. Ordutegia, berriz, 17:30etik 20:30era.
Napoka Iria: solasaldia
Erakusketa honen bueltan, musikarekin lotutako beste hainbat saio ere izango dira asteon. Bihar, esaterako, solasaldia izango da Kulturaten, Napoka Iria talde eibartarreko kide Miren Narbaiza eta Ander Mujikarekin. 19:00etan hasiko da.
Tooth, Koolturren
Eguenean eta egubakoitzean, berriz, zuzeneko saioen txanda izango da. Hilaren 7ko Kooltur Ostegunak ekimeneko kontzertua Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan joango da. Tooth talde gernikarra etorriko da gaztetxera –22:00etan, 5 euroren truke–, iaz kaleratutako izen bereko diskoa aurkeztera. Gaur egun hirukotea da Tooth, "eta post-hardcorea da gehien atsegin duten giroa. Dut eta Lisabö oso presente daude, adibidez, beraien kantuetan", diote Kooltur ekimenaren antolatzaileek.
Petti eta Irazoki, Taupa eta Iluntzen
Egubakoitzeko emanaldiak, berriz, Arrasateko bi tabernatan izango dira, Taupan eta Iluntzen. Aurrenekoan, 21:00etan hasita, Petti bakarlari nafarra ariko da; eta beste nafar bat, Joseba Irazoki, Iluntzen, 22:30ean. Bigarren saioaren amaiera aldera batera joko dute Pettik eta Irazokik.
Pirritx eta Porrotxerako sarrerak, bihartik
Oraingo asteko Korrika Kulturala borobiltzeko, zapatuan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Bergara bisitatuko dute. Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizunarekin etorriko dira Udal Pilotalekura. Bi saio egingo dituzte, 15:30ean eta 18:00etan, eta sarrerak bergara.net helbidean eta kultura etxean –bihartik aurrera, 18:00etatik 21:00etara– ahalko dira erosi, 6 euroren truke. Gehienez sei sarrera eskuratu ahal izango dira pertsonako, eta oraindik geratuko balira emankizun egunean ere jarriko lituzkete salgai leihatilan, 14:30etan.