Zapatuan egindako Kinttada Egunaren ondotik, koplarik kopla eskean ibiliko dira datozen bi egunotan Eskoriatzako kintoak Santa Agedaren harira. Aurten, 1995 urtean jaiotakoen txanda da. Betiko moduan, gaur, otsailak 4, baserriz baserri joango dira abesten; eta bihar, Santa Ageda Eguna, herriko kaleetatik ibiliko dira kantuan, eta 19:00etan, dantza egingo dute plazan. Ohiturari jarraituz, domekan dantzaldia errepikatuko dute, ordu eta toki berean.
Aretxabaletan, hiru hitzordu
Aretxabaletan ere kaleak hartuko dituzte Santa Ageda neska-mutilek. Han 1994 urtean jaiotakoak irtengo dira aurten; hain justu, 40 gazte inguru. Eskoriatzan bezala, gaur, baserriak bisitatuko dituzte, eta bihar, ostera, herriko kaleetan ibiliko dira kantuan eta eskean. Eta 19:00etan, dantzan egingo dute Herriko plazan.
Beste talde batzuk
Kintoena, dena dela, ez da Santa Agedaren bueltan antolatutako ekimen bakarra. Leizarra musika eskolako ikasleak eta Aretxabaleta Abesbatzako kideak ere kantuan ibiliko dira gaur, 18:30etik 20:00etara, kalean. Eta Kurtzebarriko ikasleak kantuan aterako dira bihar; 09:20ean udaletxe aurrean abestuko dute, eta jarraian, kalejira egingo dute herritik.
Urdelardero Eskoriatzan
Bestalde, eguenean, Urdelardero egingo dute Eskoriatzan: 10:30ean kalejiran irtengo dira umeak, eta ordubete beranduago, txistorra jango dute plazan. 17:00etan, Magiclow ikuskizuna hasiko da pilotalekuan, eta hori amaitzean, txokolate jana izango da.