Epaiketa politikorik ez! Elkartasuna ez da delitua! Euskal presoak Euskal Herrira lelopean mila bat lagun batu ziren zapatuan, Bergaran, Amaia Osa, Sebas Etxeberria, Iñaki Manuel eta Joseba Garitaonandiaren aldeko manifestazioan. 2011ko Korrikan presoen irudiak eramateagatik epaitu egingo dituzte gaur, astelehena, Madrilen, Auzitegi Nazionalean. "Terrorismoaren apologia" egitea leporatzen die akusazioak eta 15 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi urterako inhabilitazioa eskatzen dute.
Bada txingor, haize eta euriari aurre eginez, hori guztia salatu eta babesa erakutsi zieten zapatuan Bergaran Debagoiena osotik joandako herritarrek, euskal presoen eskubideak aldarrikatzearekin batera. Horrekin batera, manifestazioa amaierara iristen ari zela, solidarioz jantzitako hainbat lagunek, adierazpen askatasuna ere aldarrikatu zuten Korrika irudikatuz.
"Errepresioarekin jarraitzen da"
San Martin plazatik abiatu eta herriko kaleak zeharkatu ostean plaza berean amaitu zen manifestazioa eta ondoren ekitaldia egin zuten. Txalapartaren doinuen ondotik Maite Aristegi Amaiurreko diputatuaren hitzak etorri ziren: "Espainiako Estatuak jarrera faxistak izaten jarraitzen du. Ustelkeria eta errepresioa da Madriletik datorkigun bakarra. Francok sortutako estatu ereduarekin ez dute apurtu eta estatua erabat ustelduta egoteaz gain, euskal herritarrok konponbiderako dugun gogoari erantzun positiboa eman beharrean errepresioarekin jarraitzen du. Presoekiko elkartasuna ezin daiteke delitua izan", esan zuen.
Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko bozeramaileak ere hartu zuen hitza. Besteak beste, esan zuen "herritarren eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoak gelditzeko beharra egunero handiagoa" dela eta "gero eta eraso gogorragoak jasan, orduan eta erantzun zabalagoak antolatu" behar direla, eta Bergarakoa jarri zuen adibide moduan.
Ekitaldiari amaiera emateko Iñaki Manuelek hartu zuen hitza auziperatuen izenean eta "eskerrik beroenak" eman zizkien han batutako guztiei zein elkartasuna eta babesa adierazi dietein guztiei.
Gaur, astelehena, mobilizazio gehiago
Gaur denez epaiketa, mobilizazio gehiago deitu dituzte gaurko. 10:00etan dute zitazioa Auzitegi Nazionalean eta ordu horretarako elkarretaratzeak deitu dituzte enpresen kanpoaldean. Bergaran geldialdiak ere deitu dituzte ikastetxeetan eta 12:00etan manifestazioa abiatuko da San Martin plazatik.
19:00etan, berriz, auzipetuei harrera eta elkarretaratzeak egingo dira Arrasateko eta Bergarako plazetan.