"Paperen brotearen okerrena pasatu da, Arrasaten behintzat"

Ubane Madera 2013ko ots. 1a, 16:14

Horixe da Gipuzkoako Osasun Lurralde Zuzendaritzatik helarazitako mezua, lasaitasunerakoa, beraz: urtarrilean, Arrasaten paperen (hazizurrien) brotea egon den arren, "potoloena pasatuta" dagoela azpimarratu dute. "Hala ere, oraindik azaltzen dira kasu gutxi batzuk. "Paperen kontrako neurri eraginkorrena txertoa da", aholkatu dute.

 

"2012. urtean, Gipuzkoan, populazio-mailako hazizurri-brote bat gertatu zen; 1.408 kasu zenbatu ziren. Horren aurreko epidemia 2007an izan genuen. Bi broteak alderatuta zera ikusi da: 2007an intzidentzi handia izan zuten herrietan, 2012an ez zutela eraginik jasan. Debagoienean, 2007an Bergaran izan ziren kasurik gehien, 2012an, berriz, Oñatin. Itxarotekoa zen, 2013an, Arrasateko kasu-kopurua ere igotzea; eta 2013ko 2. astean gertatu da igoera hori (urtarrilaren 7-14). 45 kasu zenbatu dira. Ondorengo bi asteetan ere jakinarazi da kasuren bat edo beste, baina beheranzko joera nabaria da intzidentzian". 

20-25 urtekoengan

Gipuzkoako Osasun Publikoko Epidemiologia Unitatetik jakinarazi dizkiote datuok Goienari. Maribel Larrañaga bertako zuzendariordeak emandako datu gehigarrien arabera, Aretxabaletan ere atzeman dituzte bospasei kasu; eta guztira, 56 bat izan direla kontatu du. Kasu guztietan, gainera, 20-25 urteko gazteengan izan dela gaineratu du.

Ziklikoa da

Brote hauen zergatia ere esplikatu du Larrañagak: "Ziklikoa da. Bospasei urtetik behin ematen dira. Izan ere, txertoa hartuta izan arren, haren eragina ahultzen joaten da, batetik. Bestetik, behin birusarekin kontaktua izan ostean, defentsak indartu egiten dira, baina bospasei urteren ostean, hori ere moteldu egiten da. Beraz, ziklikoki, birusak brotea izaten du".

Txertoaren garrantzia

Larrañagak azpimarratu du, baita ere, txertoaren eragina ahuldu arren, garrantzitsua dela hura hartzea: "Txertoa hartuta dutenek ez dute-eta ia batere konplikaziorik izaten gaixotuz gero, txertoa hartu gabekoek ez bezala. Beraz, brotea kontrolatzeko neurririk garrantzitsuena txerto hirukoitz birikoa zuzen jartzea da". Txertoa hartu ezean, ospitaleratu beharra gerta daiteke, adibidez. 

Sintomak

"Sintoma nagusia listu-guruinaren handitua du, masailezurraren alboan eta belarrien aurrean. Hazizurriek ez dute normalean arazorik sortzen epe luzean. Infekzio asintomatikoak ohikoak dira. Helduen artean errazago da konplikazioak egotea. Zaintzaileek jakin behar dute haurdunaldiaren lehenengo hiru hilabeteetan birusaren aurrean egoteak berezko haurgaltzearen tasa handitu dezakeela. Txertoaren bidez prebeni daiteke. EAEn bi dosi ematen dira, 12 hilabeterekin eta 4 urterekin, errubeola eta elgorriaren kontrako txertoarekin batera", azaldu dute Epidemiologia Unitatetik. 

Prebentzioa

Kutsatzea prebenitzeko neurri erabilgarriak ere eman dituzte: "haur eta heldu guztiek eskuak garbitzeko argibideak jarraitzen dituztela ziurtatu behar da. Zentro handietan talde-banaketa mantenduko da. Haur guztiek txertoa jaso dutela egiaztatuko da, eskolako immunizazio-kartillak begiratuz. Jaso ez dutenek medikuarengana jo beharko dute. Haur guztiak behatu behar dira, eta, sintomarik azalduz gero, baita gurasoak jakinaren gainean jarri ere".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak