Enplegurako oso urte "txarra" izan da 2012. urtea Debagoienean

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko otsailaren 1a

Langabeziak %20an egin du gora 2011rekin alderatuta eta kontratazioen joera beheranzkoa izan da; 2011rekin alderatuta %10 jaitsi dira kontratazioak gurean. Gipuzkoan baino hobeto gaude langabezia datuei dagokienez, baina azkenaldian gurean egoera gehiago okertu da Gipuzkoan baino.

Debagoieneko 2012. urteko langabezia tasak esku artean ditugu eta esan genezake 2012. urtea enplegurako oso urte "txarra" izan dela. Horixe esan du Mankomunitateko Garapen Agentziako Zerbitzu buru Koldo Azkoitiak: "2012a enplegurako oso urte txarra izan da; aurreko urteekin alderatuta langabeziak gora egin du %19,7an eta krisialdiko bilakaeraren urte txarrenetariko bat izan da".

Kontuan hartu behar da 2007ko irailean 1.500 langabe inguru zeudela Debagoienean, urtebete beranduago, 2.500 ziren eta denboraldi txarrena izan zen 2008 urte bukaera eta 2009 urte hasieran, izan ere, langabezia izugarri igo zen Azkoitiaren esanetan; 2009ko martxoan 3.400 langabetu zeuden.

2010 eta 2011 urtetan egoera baretu egin zen eta kopurua 3.000 langaberen bueltan ibili zen. Baina 2012an 3.631 langabetu zeuden inskribatuta Debagoienean, abenduko datuen arabera. Ondorioz, langabeziak gora egin du eta kontratazioen joera beheranzkoa izan da.

 Kontratazioak behera

"2007an Debagoienean 21.000 kontratu egin ziren gutxi gorabehera. 2012an 13.000ra ez da heldu" esan du Azkoitiak. Beraz, nabarmen egin dute behera kontratuek eta hori langabeziako zifretan nabaritzen da.

Kontratu motak ere aldatu egin dira azkenaldian Azkoitiaren esanetan: "Behin betiko kontratuak ez dira pasatzen %5etik baina, hala ere, egiten diren kontratuak epe motzagoetarako dira eta baldintzak lan merkatuak markatzen dituenak dira".

Gizarte Segurantzako afiliatuak ere behera

Gizarte Segurantzako afiliatu kopuruak ere beherakada nabarmena izan du gurean. Gaur egun Debagoienean 26.000 afiliatu inguru daude, baina azkeneko urtean 1.000 afiliatu gutxiago daude.

Gipuzkoan baino langabezia gutxiago, baina bilakaera "txarragoa"

Bailarako langabezia tasa Gipuzkoakoarekin alderatzen baldin badugu, jarraitzen dugu langabezian Gipuzkoa baino bi puntu gutxiago izaten eta alde horretatik begiratuta, Gipuzkoa baino egoera hobea daukagu bailaran. Baina azkeneko urteko bilakaera “txarragoa” izan dela azaldu digu Azkoitiak, izan ere, langabezia Debagoienean %20an igo da eta Gipuzkoa ez da kopuru horietara heldu.

Azkoitiari gure bailarako enpleguari dagokionez zein itxaropen dituzten galdetuta, hauxe erantzun digu: itxaropenak dauden notiziengatik ez direla oso onak eta ez dakitela zein bilakaera izango duen, ematen zuela abenduan egoera pixka bat zuzentzen zihoala baina enpresek diotela oraingo urte hasiera ere ez dela batere ona izan. Beraz, ikusi egin behar zer gertatzen den hurrengo hilabeteetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak