Elorregin zirkulazioa moteldu egingo da, bi hilabetez

Jon Berezibar 2013ko otsailaren 1a

Oñati eta Arrasate arteko bidegorriak Elorregi zeharkatu behar du lur azpitik, eta pasabide hori eraikitzen hasiko dira datorren astean.

Seinaleztapena ipinita. Makinak bertan. Eguraldia trankil. Guztia gertu dute Oñati eta Arrasate arteko bidegorriaren azken lan handi samarrak egiteko. Hain justu ere, Elorregiko biribilgunea traba da Oñati eta Arrasate bidegorri zatiaren arteko lotura egiteko. Eta hori saihesteko, bidegorriari biribilgunearen azpitik egingo diote pasabidea. Bada lan horiek dira datorren astean abiaraziko dituztenak. 
Eta kontuan hartzekoak dira lanok, besteak beste, inguruko zirkulazioan eragina izango dutelako.


Apirilerako bukatuta

Ia 50 metro luze izango da lurpeko pasabidea, eta bi fasetan egingo dute. Zatirik handiena bigarren fasean egingo dute, baina lehengoan harkaitz gehiagorekin topo egitea espero dutenez, antzerako denbora beharko dute baterako zein besterako; bataz beste, hilabete, faseetako bakoitza egiteko. 
Gauzak horrela, beraz, bi hilabeteko epea aurreikusi dute  lanok bukatzeko. Hala jakinarazi du German Pozasek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra eta Errepide Saileko zerbitzuburuak.


Lehen fasea

Otsailean barrena egingo dituzte lehen faseko lanak, eta irauten duten bitartean Arrasate-Bergara joan-etorria berdin-berdin egin ahal izango da, aldaketa bakarra izango da biribilguneko bi erreiak estutu egingo dituztela apur bat.
Lanek eragin zuzena izango dute, ordea, San Prudentziotik Oñatira arteko tartean: Oñatira joaterakoan, biribilgunea ezkerretarago egongo da, eta etortzerakoan, berriz, bide zaharra hartu beharko da, Gurutze Gorriko anbulantziak dauden tokitik, ia Tavex-eraino, hain zuzen ere. Edozein kasutan, Diputaziotik azpimarratu dute zirkulazioa ez dela moztuko.


Bigarren fasea, martxoan

Otsailean lehen fasea bukatuta, bigarrenari ekingo diote martxoan eta, lan horiek egin ahal izateko, zortzi moduko batean bihurtuko dute errotonda, Gurutze Gorriko anbulantziak dauden gune hori barne hartuta; eta orduan bide alternatibo hori Arrasate-Bergara ibilbidea egiteko ere hartuko beharko da. Beraz, bigarren fase horretan noranzko guztietako zirkulazioari eragingo diote lanek.

Edozelan ere, apirilerako biribilgunearen azpitik pasako den bidegorri zatia bukatuta egotea aurreikusten dute eta, behin hori eginda, argiztapena jartzea (led argiekin) eta beste erremate batzuk egitea baino ez da faltako guztia bukatzeko.


Maiatzaren 8rako gertu

Hala, Oñati-Arrasate bidegorria, osorik, maiatzaren 8rako egongo da gertu, hori da data ofiziala, baina eguraldiak lagunduz gero oso litekeena da apirilean bertan egotea amaituta.
Lau kilometro eta erdi dituen bidegorri horrek guztiak 3,5 metro zabal izango du; bi metro bizikletendako, eta gainerakoa oinezkoendako. Bidearen tarterik handiena laua da.
Hain justu ere, bidea laua izateko, aldaketa handi bat egin zuten Zubillaga eta Oñati artean. Izan ere, hasierako asmoa zen Fagorren atzeko partetik pasatzea, baina gas hodiek arazoak sortu zituzten biribilgunean, eta, gainera, trazatua bera ere ez zela guztiz egokia iritzi zioten (%6tik gorako desnibela). Hala, sasoi baten tranbiarendako aurreikusitako ibilbidetik jotzea erabaki dute: biribilgunetik gasolindegi aurrera eta errepidea azpitik gurutzatuta Madalenako ermita aldera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak