San Blasen tradizio gozoa

Jon Berezibar 2013ko otsailaren 1a

Egunotan Elgeta aldeko atariren batean sartuz gero, erraza da anis usain gozo eta erakargarria igartzea. Horren atzean, opil obalatu puntatxodunak aurkituko ditugu, otsailaren 3aren bueltan egiten diren San Blas opilak, alegia.

"Amaren izebak 105 urte hartu zituen eta hark beti egiten zituen obalatuak eta puntatxoekin. Ez dakit zergatik den horrela, baina nik ere hala egiten ditut. Opilari itxura borobila ematea eta gainean San Blas ipintzea uste dut gozodenda eta okindegietako ohitura dela", kontatu du Eli Arantzeta elgetarrak.

Bedeinkatu, opilak eta…

San Blasak egin eta jateaz gainera, tradizioaren barruan dago opilak bedeinkatzea. Elgetan, Aretxabaletan eta Bergaran, esaterako ohitura handia dago. Elgetan, gainera, San Blas egunean ez ezik (domekan, 12:00etan), zapatuan ere bedeinkatuko dituzte opilak (19:30ean). Eta parrokiaz gainera, San Blas ermitan ere botako diete ur bedeinkatua, opil eta bestelakoei (13:00).

Izan ere, San Blasen aitzakian, opilekin batera beste makina bat gauza (jaki, batez ere) bedeinkatzen dira: "Zaharrei entzunda, eta neuk ere hala egiten dut, gatza eramaten dut. Atzo (martitzena) erosita ditut hiru poltsatxo", esan du Nati Arrieta elgetarrak.

Gozokiak ere asko bedeinkatzen direla gogora ekarri digu hark, eta ikusita duela laranjak eramaten ere. Azken batean Blas zaindaria eztarriko gaitzen zaindari moduan iritsi zaigu gurera. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak