Korrikako auzipetuei babesa adierazteko ekintzak

Goiatz Arana Begiristain 2013ko otsailaren 1a

'Elkartasuna ez da delitua! Euskal Presoak Euskal Herrira' lemapean hainbat ekintza burutuko dituzte asteburuan eta astelehenean, Bergarako Amaia Osa, Sebas Etxeberria eta Iñaki Manuelen, eta Arrasateko Joseba Garitaonandiaren kontrako epaiketa salatzeko; duela bi urte Korrikan presoen argazkiak eramateagatik epaituko dituzte astelehenean, Madrilgo Auzitegi Nazionalean. Gaur, egubakoitza, bertso saioa egongo da Zabalotegin; bihar, zapatua, eskualde mailako manifestazioa, Bergaran; eta astelehenean ere, epaiketa egunean, hainbat ekintza aurreikusten dira, tartean autobusa Madrilera.

Akusazioak 15 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi urteko inhabilitazioa eskatzen du lau lagunondako, akusazioaren arabera, “terrorismoa goraipatzea” egotzita. "Lasai gaude, abokatuak esan digulako ezin dugula gauza handirik egin. Gure ustez ez da kasualitatea aurtengo Korrika hasi baino hilabete lehenago izatea epaiketa. Uste dugu sententzia ere Korrika hasi baino apurtxo bat lehenago aterako dela, helburua izango delako mezua zabaltzea aurten presoen argazkirik inork ez ateratzeko", adierazi du Iñaki Manuelek, inputatuetako batek.

Aurreikusitako ekintzak

  • Gaur, egubakoitza: 22:00etan, bertso saioa Zabalotegi aretoan Miren Amuritza, Unai Gaztelumendi, Alaia Martin eta Aitzol Barandiaranekin. Sarrerak zazpi euro balio du eta epaiketako gastuak ordaintzeko erabiliko da.
  • Bihar, zapatua: Eskualde mailako manifestazioa egingo da 19:00etan, Bergarako San Martin plazatik aterata; eta gauean, Bertsio Gaua Ubera eta Otxoaren eskutik, eta ondoren Dj Elvis Caino.
  • Otsailak 4, astelehena: Autobusa egongo da Madrilera eta epaiketaren orduan (10:00etan dute zitazioa) elkarretaratzeak egingo dira lantegien aurrean. Irakaskuntzan geldialdiak deituko dira eta manifestazioa egingo da 12:00etan; 19:00etan, elkarretaratzea eta epaituei harrera Arrasaten eta Bergaran.

Aurrekariak

Edozelan ere, orain epaiketa duten arren, lau lagun horiek eta beste bi (Ibai Redondo eta Unai Arantzabal bergararrak) lehenago ere egonda daude Audientzia Nazionalean; iazko azaroaren 30ean, hain justu ere. Izan ere, hasiera batean sei lagunen kontrako zitazioa bideratu zuen Ertzaintzak, Korrikan euren partaidetza erakusten zuten argazki eta guzti.

Audientzia Nazionalean bista orala izan zuten seirok, Pablo Ruz epailearen aurrean. Eta guztiek onartu egin zuten Korrikan parte hartu izana, presoen argazkiak eramanez. “Gainontzeko galderei ez genien erantzun”, kontatu du Arantzabalek.

Ahozko ikustaldiaren ostean, inputatutako sei lagunetatik lauk epaiketarako zitazioa jaso zuten orain pare bat aste, eta Arantzabal eta Redondo, berriz, prozesutik libre utzi ditu epaileak, Ertzaintzak aurkeztutako argazkiak eta euren nortasun agirietan datozenak ez direlako “erabat berdinak”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak