Debagoieneko ezker abertzalea Korrikako auzipetuekin

Goiatz Arana Begiristain 2013ko urtarrilaren 31

"Lau herritar hauek ez dute inolako deliturik egin, euskal herritarron gehiengoak bezala presoak Euskal Herrian egotea besterik ez dute eskatu. Beraiek delitugileak badira, euskaldunak gara delinkuenteak, presoen eskubideak herri aldarrikapena direlako", adierazi dute Debagoieneko ezker abertzaletik. Horrekin batera, "penagarri" eta "lotsagarri" jo dute astelehenean Bergarako Udalbatzan PSEk bere ezezkoarekin eta EAJk bere abstentzioarekin "lau debagoiendarrok babesteari ezetz" esan izana. Albiste barruan, oharra osorik.

"4 DEBAGOIENDARREKIN ELKARTASUNEZ, KALERA!

Lehenik eta behin, otsailaren 4an Madrilgo Audientzia Nazionalean epaituko zaituzteten Joseba Garitaonandia, Amaia Osa, Iñaki Manuel eta Sebas Etxeberriari gure elkartasunik beroena adierazi nahi dizuegu, besarkada bero bat zuetako bakoitzarentzat eta zuen senide zein lagunentzat.

4 Debagoiendar hauek 15 hilabeteko espetxe zigorra eta 8 urteko inhabilitaziora kondenatuak izateko arriskuan daude. Beraien "delitua" azken Korrikan presoen argazkiak erakustea.

4 herritar epaituko dituzte Euskal Herritarrak atxilotu, torturatu eta kartzelaratzeko Francok sortu zuen salbuespenezko epaitegi batean. 4 herritar hauek ez dute inolako deliturik egin, euskal herritarron gehiengoak bezala presoak euskal herrian egotea besterik ez dute eskatu. Beraiek delitugileak badira, euskaldunak gara delinkuenteak, presoen eskubideak herri aldarrikapena direlako.

Espainiar Estatua, PP alderdia buru duela iraganera hiltzaturik dago. Ez ditu begiak ireki eta egoera berria ikusi nahi, egoera berriak jarrera berriak eskatzen dituelako eta jarrera berri hauen artean daude adierazpen askatasuna eta presoen herriratzea. Estatu diktatoriala mantendu nahi du, bai, DIKTATORIALA. Ez ditu Euskal Herritarren hitza eta erabakiak errespetatzen, ez ditu presoen oinarrizko eskubideak errespetatzen eta ez ditu herritarren oinarrizko eskubideak errespetatzen, zer da hori diktadura ez bada?

Egoera honen aurrean ezin daiteke bestaldera begiratu. Egoera honek konpromiso sendoak, anitzak eta zabalak eskatzen ditu. Instituzioetan eta kalean. Baina iruditzen zaigu ez dela Espainiako Estatua iraganean gelditu den bakarra. Astelehenean Bergarako Udalbatzan bizi izan genuena penagarria eta lotsagarria izan zen, PSEk bere ezezkoarekin eta PNVk bere abstentzioarekin ezetz esan zien 4 Debagoiendarrak babesteari (horietatik 3 bergararrak) eta larunbateko manifestazioan parte hartzeari.

Espero dugu, asteleheneko argazkia lehenbailehen iraganeko argazkia izatea, baina, Iñaki, Sebas eta Amaiak, Bergararrak izanda, herriko ordezkari politikoengandik bestelako babesa merezi dute eta hauek babesteko ez da beste aukerarik egongo. Ezker Abertzaleak argi eta garbi adierazi nahi du PSE eta PNVren herriko ordezkariek bergarar hauek saldu dituztela eta Madrilera beraien babes gabe joango direla.

Zorionez jakin badakigu kolore politiko guztietako bergararrek nahi dutela herri honentzat bakea, konponbidea eta presoen herriratzea. Berriz ere kolore ezberdinetako Debagoiendarrok erakutsiko dugu elkartasuna zer den badakigula. Debagoieneko Ezker Abertzalea larunbatean Bergaran Auziperatuek deitu duten manifestaldian egongo da eta dei egiten die herritar guztiei kaleak elkartasunez betetzera.

EPAIKETA POLITIKORIK EZ, PRESOAK HERRIRA!"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak