Korrika Kulturaleko ekintzak, datorren astean, Debagoienean

Julen Iriondo 2013ko otsailaren 1a

Zuzeneko instanteak erakusketa egongo da ikusgai Arrasateko Kulturaten. Napoka Iria taldekoekin solasaldia eta Pettiren eta Joseba Irazokiren emanaldiak era izango dira, baita Tooth taldearena ere. Eta bergaran, Pirritx, Porrotx eta Marimotots.

Astelehenetik domekara, hilaren 4tik 10era, Zuzeneko instanteak izeneko erakusketa egongo da ikusgai Arrasateko Kulturaten –17:30etik 20:30era–. Musika argazki erakusketa kolektiboa da, musikazuzenean.com atari digitaleko kideen –argazkilariak, afizioz– lanez osatua. 2011 eta 2012 urteetan zuzeneko kontzertuetan ateratako 40 argazki, 20 argazkilarirenak; tartean daude, adibidez, Josu Txintxurreta eta Arnaitz Eraso debagoiendarrak. Erakusketa interaktiboa da, audio gune eta guzti.

Erakusketa honen bueltan, musikarekin lotutako beste hainbat saio ere izango dira astean zehar. Martitzenean, otsailak 5, solasaldia izango da Kulturaten bertan, Napoka Iria talde eibartarreko kide Miren Narbaiza eta Ander Mujikarekin. 19:30ean hasiko da.

Eguenean eta egubakoitzean, berriz, zuzeneko saioen txanda izango da. Hilaren 7ko Kooltur Ostegunak ekimeneko kontzertua Korrika Kulturalaren egitarauaren barruan joango da. Tooth talde gernikarra etorriko da gaztetxera –22:00etan, 5 euroren truke–, iaz kaleratutako izen bereko diskoa aurkeztera. Gaur egun hirukotea da Tooth, "eta post-hardcorea da gehien atsegin duten giroa. Dut eta Lisabö oso presente daude, adibidez, beraien kantuetan", diote Kooltur ekimenaren antolatzaileek.

Egubakoitzeko emanaldiak, berriz, Arrasateko bi tabernatan izango dira, Taupan eta Iluntzen. Aurrenekoan, 20:30ean hasita, Petti bakarlari nafarra ariko da; eta beste nafar bat, Joseba Irazoki, Iluntzen, 22:00etan. Bigarren saioaren amaiera aldera batera joko dute Pettik eta Irazokik.

Pirritx eta Porrotx Bergaran

Bergaran Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen saioa izango da Korrika Kulturalaren barnean datorren astean egingo dutena. Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizunarekin etorriko dira Udal Pilotalekura zapatuan, hilaren 9an. Bi saio egingo dituzte, 15:30ean eta 18:00etan, eta sarrerak bergara.net helbidean eta kultura etxean –otsailaren 5etik aurrera, 18:00etatik 21:00etara– ahalko dira erosi, 6 euroren truke. Gehienez sei sarrera eskuratu ahal izango dira pertsonako, eta oraindik geratuko balira emankizun egunean ere jarriko lituzkete salgai leihatilan, 14:30etan.

Jinkanarako epea, luzatuta

Lekukoaren bila jinkanarako, bestalde, urtarrilaren 28an bukatzen zen berez izena emateko epea, baina luzatu egin dute, otsailaren 10era arte. Pista eta proba jolas honetan parte hartzeko taldea osatu –zortzi lagun gehienez– eta AEKren edozein euskaltegitan eman behar da izena. Korrikaren azken egunean Baionan jokatuko den finala irabazten duen taldeak bidaia bat izango du sari.

Korrikako materiala

Korrikako materiala –arropa eta osagarriak– eskuratzeko hainbat bide daude Debagoienean: AEKren euskaltegietan eta Arrasateko Eroskin; bestalde, Kutxa Ibiltaria Kulturaten izango da otsailaren 4tik 11ra, 17:30etik 20:00etara, zapatuan izan ezik. Bertan probatu ahalko da materiala, eta aukeratutakoa etxera bidaltzen dute gero.

Bestalde, Korrika Laguntzaile egiteko ere badago oraindik aukera, 12 euroren truke. Euskara elkarteen egoitzetan egin daiteke eta, ez dagoen herrietan, kultura etxean ere bai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak